Ingurumena

Tasmaniako deabruak sartu dituzte berriz Australia kontinentean, milaka urteren ostean

Denera 30 bat piztia askatu dituzte, eta beste 40 utziko dituzte libre datozen bi urteetan. Azeri eta basakatuen izurriari aurre egin nahi diote horrekin, eta «ekosistema orekatu».

WildArk. TASMANIAKO DEABRUAK LIBRE AUSTRALIAKO KONTINENTEAN, LEHEN ALDIZ AZKEN EHUNKA EDO MILAKA URTEOTAN..
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 5a
19:12
Entzun

Ez dakite noiz galdu ziren Tasmaniako deabruak Australia uharte-kontinentean, baina zientzialariek proposaturiko datek duela 500 eta 5.000 urte artean egiten dute dantza. Orain, ehunka edo milaka urte geroago, espezie horretako 30 bat animalia libre dabiltza Sydneytik iparraldera dagoen Barrington Tops natur parkean. Biologo talde bat hiru hamarkadaz aritu da lanean deabrua kontinentean berriz sartzeko.

Ospe txarra du Tasmaniako deabruak. Marrazki bizidunetan, piztia bortitz eta suntsitzaile gisa agertu dute. Australiako Tasmania uhartera helduriko lehen europarrek jarri zioten deabru izena, animaliak amorru biziz eta orro ikaragarriak eginez egiten zielako aurre, hortz handi zorrotzak erakutsita.

Chris Hemsworth eta Elsa Pataky aktoreek lagundu diote WildArk erakundeari Tasmaniako deabruak askatzen. WildArk

Zakur txiki baten tamainakoa da Tasmaniako deabrua, baina bera baino askoz handiagoak diren animaliak hil ditzake, animalien artean dagoen matrailik indartsuenetako bat duelako. Gehienetan sarraskijalea da, eta, lekukoen arabera, animalia baten gorpua di-da batean txiki dezake.

Zertarako sartu berriz kontinentean halako piztia? Galdera hori bolo-bolo ibili da azken urteotan Australian, baita ekologoen artean ere. Izan ere, han eskarmentu txarra eduki dute historian kanpotik sarturiko espezieekin. Oso oreka ekologiko hauskorra du Australiak, eta Europatik sarturiko hainbat espezie —untxiak, kasurako— izurri bihurtu dira historian zehar.

Deabruen aurpegiko minbizia

Bi helburu dituzte zientzialariek. Alde batetik, kontinentearen hainbat gunetako ekosistemaren oreka berreskuratu nahi dute. Izan ere, uste dute Tasmaniako deabruek lagun dezaketela gizakiek sarturiko katu eta azerien populazioak  kontrolatzen. Halere, oraindik ez dakite deabruek azeriak ehizatuko ote dituzten. Edozein moduz, badakite deabruek asko mugatuko dituztela katuen eta azerien mugimenduak, eta horrek babestu egingo ditu Australian arriskuan dauden hainbat espezie.

Bestetik, Tasmaniako deabruaren beraren etorkizuna ziurtatu nahi dute: 1990eko hamarkadatik aurpegiko minbizi kutsagarri bat zabaltzen ari da Tasmania uharteko deabruen artean. Horren eraginez, populazioa asko jaitsi da, eta, uste dutenez, bakarrik 25.000 animalia geratzen dira uhartean. Horregatik, duela hamar urte minbizirik gabeko deabruak hazten hasi ziren Barrington Topsen gune hesituetan, erreserba bat edukitzeko. Horietako 30 askatu dituzte inguruetan.

Tasmaniako deabrua, marrazki bizidunetako pertsonaia gisa. Pixy.org 

Ez dakite zergatik galdu zen espeziea kontinentean, baina, teoria zabalduenen artean, ehiztariek eta haiek sarturiko dingo txakurrek lehia egin zieten deabruei, eta janaririk gabe utzi zituzten.

Sarcophilus harrisii da Tasmaniako deabruaren izen zientifikoa. Martsupial haragijalerik handiena da, eta, naturan aske, bost bat urteko bizi itxaropena dauka. Galtzeko arriskuan dauden animalien zerrendan dute nazioarteko erakundeek.
Datozen hilabeteetan, estu kontrolatuko dituzte aske utzitako piztiak. Irrati bidez kontrolatzen lepokoak eta kamerak erabiliko dituzte, nola moldatzen diren jakiteko.

WildArk erakundeak zuzendu du egitasmoa. Deabruak askatu izana hasiera baino ez dela ohartarazi dute: «Oinarria bota dugu Australia berriz bere onera itzultzeko, eta geure piztiatxoei euren nitxoa berriz topatzen laguntzeko», esan du Mark Hutchinsonek. WildArk erakundearen sortzaileetako bat da.

Izan ere, denera beste bi saio egingo dituzte deabruak askatzeko. Datozen bi urteetan beste 40 animalia askatuko dituzte.

Australiak behar zuen albiste on bat ekologiaren ikuspegitik. Izan ere, azken hilabeteak oso gogorrak izan dira han, sua dela eta. Suteek gutxienez zortzi milioi hektarea kiskali zituzten urte hasierarako —Irlandaren pareko eremua—, eta 26 pertsona hil ziren horien eraginez. Agintariek kalkulatu zutenez, gutxienez mila milioi animalia hil ziren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.