Industria burua altxatu ezinda dago oraindik ere

Udako hilabetean hazkunde oso txikia izan du, eta %16,2 da urte hasieratik pilatutako galera.

Autogintzako lantegi bat, itxita. IDOIA ZABALETA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 6a
11:04
Entzun

Industria sektorearen jarduera murriztu egin da (-%0,8) uztailetik abuztura Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta iazko mailatik oso behera dago: %14,5. 2020ko hasieratik abuztura pilatutako galera, berriz, %16,2 izan da.

Eustatek ezagutarazitako datuen arabera, oraindik ere sektore guztiak daude zenbaki gorrietan. Abuztua opor aldia izan ohi da industria askotan, baina, 2019ko abuztuko datuekin alderatuta, aldea nabarmena da. Ekipamendu ondasunen sektoreak ibilgailu motordunen, tren makinen eta materialen, aireontzien eta itsasontzien fabrikazioa biltzen ditu, eta alor horretako produkzio indizea %4,4 txikiagoa da. Ekainetik uztailera, %3,3 hazi zen, baina berriz egin du behera, eta urteko bilakaera pilatua -%6,4 da.

Iazko abuztuan baino %12,1 murritzagoa izan da jarduera bitarteko ondasunetan —metalurgia, industria kimikoa, kautxuzko eta plastikozko produktuak—. Uztailetik abuztura, hori bai, %0,1 hazi zen. Energia sektorea ere 2019ko abuztutik oso azpitik ibili da (-%21,8), baina hilabetean %0,8 hazi da.

Bizkaian okerren

Atzerakada lurralde guztietan gertatu da, baina nabarmen txikiagoa izan da Gipuzkoan: -%4,9 jaitsiera (aurreko hilean -%10,4 izan zen). Bizkaiko lantegietan jo du gogorren pandemiak, eta abuztuan han nabaritu da gehien: beherakada % 21,4 izan da, hilabete lehenago %14,7 izan zen. Araban, hileko atzerakada hobea izan da (-% 13,3), baina uztaileko datuekin alderatuta ere okerrera egin du (-%9,5).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.