Lehen Arretako zerbitzuen egoera «jasanezina» dela salatu dute Nafarroan

Nafarroako Osasun Plataformak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Nafarroako hainbat herritako osasun etxeen parean. «Zure osasun etxea zaindu» kanpaina jarri dute martxan. Osasun etxeetako erabiltzaileek eta osasun langileek salatu dute zentroetan «ezinean» ari direla azken hilabeteetan, eta agintariei eskatu diete baliabide gehiago jar ditzatela.

Osasun etxeetako baldintza txarrak salatzeko protesta, Iruñeko Txantrea auzoan. UXUE REY GORRAIZ
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko urriaren 7a
12:24
Entzun

Nafarroako hainbat herritan eta auzotan osasun etxeen aldeko aldarria egin dute gaurko 11:00etarako deituak ziren elkarretaratzeetan. Nafarroako Osasun Plataformak deitu du protestetara, eta zentroetako langileek zein erabiltzaileek egin dute bat horiekin. Osasun etxeen parean bilduta, salatu dute pandemiak bistan utzi dituela gaur egungo osasun sistemaren ahuleziak eta mugak, eta nabarmendu dute Lehen Arretako zerbitzuek jaso dutela kolperik latzena: «Gainezka gaude». Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek astelehenean onartu zuen «gainkarga» dagoela zerbitzu horietan.

Iruñeko Txantrea auzoan izan da elkarretaratzeetako bat. Osasun etxearen parean bildu dira dozenaka lagun, zentroan dituzten baldintza txarrak salatzeko. Batik bat, zenbait erabiltzailek salatu dute azkenaldian «ohikoegiak» izan direla kale osoa hartzen zuten ilarak, zentroan hartuak izateko esperoan den jendearekin. Diotenez, «izugarri» moteldu da osasun etxeko arreta. Dena dela, azaldu dute baliabide faltari zor zaiola hori, eta «inola ere ez» langileen ahalegin faltari. «UPNren gobernuak egindako murrizketa mordoarengatik iritsi gara egoera honetara», salatu du Julia Lakuntzak. Bestalde, eskertu egin du profesionalek egiten duten lana: «Haiei esker funtzionatzen du Nafarroako osasun sistemak. Bestela, jai genuke».

Erabiltzaileak ez ezik, Txantreako osasun etxeko hainbat langile ere izan dira protestan. Maria Luisa Barandiaran medikuak salatu du zentroko profesionalen artean oso nabaria dela ezinegona, eta adierazi du ezinbestekoa dela zentro horiei ematen zaien aurrekontua nabarmen handitzea. Baldintza kaskarrekin aritzea, ordea, ez da pandemiarekin ailegatutako zerbait, Barandiaranen esanetan: «Hamar urte baino gehiago daramagu baldintza txarrekin lanean. Orain arte, ahal bezala aritu gara, baina, pandemian, normala ez den egoera batean, ezinezkoa da», salatu du. Erantsi du, gainera, profesionalak «oso kezkatuta» joaten direla lanera egunero, badakitelako ezinen dutela behar bezala jardun. Dioenez, lehen, ez zen gertatzen halakorik.

Txantreakoaren ordu berean, elkarretaratzeak egin dituzte Iruñeko Alde Zaharrean, Sanduzelain, Arrotxapean, Lizarran, Antsoainen, Burlatan, Atarrabian, Pitillasen eta Altsasun ere, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.