Erietxeak

41 lagunek eman dute positibo Asuncion klinikan

35 behargin eta sei paziente daude kutsatuta.

Asuncion klinikako sarrera, larunbatean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2020ko urriaren 12a
14:50
Entzun

Ostiral iluntzean zabaldu zen Tolosako Asuncion klinikan (Gipuzkoa) COVID-19aren agerraldi bat zegoela; harrezkero, kutsatuta daudenen kopurua goraka doa. Gaur zortzi, sendagile batek eman zuen positibo, eta, harekin kontaktuan egondakoei PCR probak egin eta gero, hiru ziren kutsatuak. Astebururako, berriz, 22 ziren kutsatutako langileak, eta bi pazienteak. Gaurko datuen arabera, gutxienez 41 dira PCR proban positibo eman dutenak: 35 langileak dira, eta gainerako seiak, pazienteak.

Hala ere, positibo eman dutenak ondo daude osasunez, oro har. Horietako bat artatu behar izan dute erietxean bertan, baina haren eboluzioa ona da, eta gainerakoek ez dute artarik behar izan. Joan den astean, paziente bat hil zen koronabirusak jota. Agerraldi gehiago saihesteko neurri gisa, larunbatean jakinarazi zuten beste inor ez dutela erietxeratuko Asuncion klinikan, eta inork arta hori behar izatekotan Bidasoko ospitalera bideratuko dutela.

Badaezpadako neurri gisa, klinikako zuzendaritzak erabaki du astearteko eta asteazkeneko jarduera kirurgikoa etetea, klinikak berak jakinarazi duenez. Hala ere, espezialitate guztietako kanpo kontsulta denak mantenduko dituzte, bai ospitalean eta baita Andoaingo, Ordiziako eta Belateko guneetan ere. Larrialdietara joaten diren pazienteak ere artatuko dira, baina ospitaleratzea eskatzen duten kasuak Bidasoko Eskualdeko Ospitalera bideratuko dituzte.

Langile Batzordeak larunbatean salatu zuen giza baliabideen eta materialaren falta dutela. Inma Arroyo batzordeko kideak BERRIAri azaldu dionez, beste erietxeratzerik ez egoteak arindu egin du behargin batzuen lan zama, orain paziente gutxiago dituztelako behargin bakoitzeko. Egoera ez da hobetu, ordea, garbitzaileentzat. Izan ere, arlo horretako langileek berdin garbitu behar dituzte ospitaleko gune guztiak, eta estu dabiltza jendez; bederatzi garbitzaile dira, eta bost konfinatuta daude. Guztira, 350 langile inguruko taldea du klinikak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.