EUSKARA

EH Bilduk alokairuen prezioa mugatzeko lege proposamen bat aurkeztu du

Jakinarazi dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 115.000 familia bizi dira alokairuan, eta prezioek «etengabe» egin dute gora azken urteotan. Eusko Legebiltzarreko beste alderdiekin elkarlanean aritzeko prest daudela gaineratu dute. 

Etxebizitza bat alokairuan, Iruñeko Alde Zaharrean. IñIGO URIZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko urriaren 13a
15:17
Entzun

EH Bilduk alokairuen prezioa mugatzea helburu duen lege proposamen bat aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen. Jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 115.000 familia bizi dira alokairuan, eta prezioek «etengabe» egin dute gora azken urteotan. Uste dute egoera «oso kezkagarria» dela hiriburuetan eta hainbat udalerritan, eta, besteak beste, gazteentzat eta emakumeentzat ia ezinezkoa dela etxebizitza bat eskuratzea. Hain zuzen, eskainitako datuen arabera, %22 igo da alokairuen batezbestekoa 2013tik. Areago, alderdiak ohartarazi du egoera hau orokortua dela, eta beste leku batzuetan dagoeneko hartu dituztela alokairuak mugatzeko legezko neurriak, hala nola Katalunian.

Planteamendua praktikan jarri ahal izateko, EH Bilduk Euskal Zuzenbide Zibila jarri du oinarrian. Haren arabera, lege horretan alokairua araututa dago, baina landa eremuetako etxebizitzei dagokienez soilik. Urrats bat gehiago egitea proposatu du: «Landa eremuetara mugatu beharrean, Euskal Zuzenbide Zibila hiri errentamenduaren eremua ere arautzeko erabiltzea proposatzen dugu». Koalizioaren ustez, era horretan posible izango litzateke azken urteotan alokairuen prezioak igo diren eremuetan alokairuen prezioen erreferentzia indize bat zehaztea, gune horietako alokairuen batez besteko prezioa eta etxebizitzaren ezaugarriak oinarri hartuta. «Erreferentzia indize hori alokairu kontratu berrietan gainditu ezin izango litzatekeen gehienezko prezioa litzateke», zehaztu dute.

Eremu horiek zehazteko, lege proposamenak azken bi urteotan alokairuen prezioa %8 baino gehiago igo den hiriburuetako auzoak barneratzen ditu, EH Bilduk adierazi duenez. Besteak beste, Bilboko Alde Zaharra, Donostiako Gros auzoa eta Gasteizko Judimendi auzoa dira jasotzen diren lekuetako batzuk. «Jaurlaritzak auzo horietan prezioen erreferentzia indizea ezarri beharko luke, eta ezinezkoa litzateke alokairuak hortik gora igotzea», gaineratu dute.

Proposamenak lantzeko prest

EH Bilduk adierazi du legealdia hasi zenetik bost lege proposamen aurkeztu dituztela, herritarren bizi baldintzak hobetzen «tematuta» daudelako. Hori lortzeko, gaineratu du proposamenak gobernuko alderdiekin elkarlanean lantzeko prest daudela, eta horretarako borondatea badutela. «Gure lege proposamenak aintzat hartuko dituztela espero dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.