Negoziazio kolektiboa

Gipuzkoako metalgintzaren ituna egiteko akordioa oso gertu dago

Adegik mahaira deitu ditu sindikatuak biharko, bere azken proposamenean gehigarriren batzuk sartu dituen seinale, eta Gipuzkoako itunik handiena adosteko nahiko izan daiteke. ELAren baietza badu patronalak, eta beste hiru sindikaturen batena baizik ez da behar eragin orokorreko ituna egiteko.

LAB sindikatuko ordezkariak Adegira sartzen mahaiko azken bileran. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2020ko urriaren 13a
17:26
Entzun

Adegi patronalak Gipuzkoako metalgintzako mahaira deitu ditu sindikatuak biharko, eta datozen orduetan egingo duten batzar hori giltzarri izango da herrialde horretako sektorerik handienean lan hitzarmen berri bat egon dadin. Adegik mahairatutako azken proposamena soilik ELAk onartu du, eta beste sindikaturen baten babesaren zain geratu da, ELAren ordezkaritzarik handiena izan arren (ia %49), ez delako nahikoa hain eragin orokorreko akordio bat egiteko. LABek, CCOOk eta UGTk ez dute nahikotzat jo agiria, gabezia batzuk ikusten dituztelako. Bihar bertan egingo duten bilerak jarrerak alda ditzake, ordea, Adegik berritasun batzuk eskainiko dituelako, BERRIAk jakin duenez.

Adegik uste du eskain dezakeen akordiorik onena eskaini duela, iritsi dela mugara, eta pilota sindikatuen teilatuan dagoela. Baina orain mahaira deitu du, eta horrek esan nahi du berritasunak egon badaudela, beharbada sindikaturen batekin negoziatu ondoren azken egunetan. Genero berdintasuna dago LABek, CCOOk eta UGTk aipatu dituzten gabezien artean, eta atal horretan hobekuntzarik bada, Gipuzkoako metalgintzaren ituna bete daiteke aste honetan bertan. Enpresek legez nahitaezkoa den baino informazio gehiago emateko derrigortasuna jaso du itun proposamenak, berdintasunari dagokionez. Bizkaiko metalgintzako itunak, ordea, batzorde bat eratzea jaso zuen alor hori jorratzeko iazko hondarrean, eta proposamen hori Gipuzkoara ekartzeak ez du zertan zaila izan.

Agiriaren edukiak

Adegik proposatutako agiriak islatzen ditu %8,8ko soldata igoera 2019ra arte —atzerako eraginez—, baita dietetan, bidaietan eta abarretan ere; eta %0,8koa 2020. urterako. 2021erako eta 2022rako, berriz, KPIa bermatzen du sektoreko enpresa guztientzat. Ez litzateke dirurik itzuliko KPIa negatiboa balitz. Horrez gain, lan erreformaren aurkako blindatze klausulak daude, baita aurrerako eragin mugagabea ere. Azken aldagai horrek ibilbide oso luzeko akordio bihurtuko luke itun hori.

Gainera, Adegik azpikontratatuentzako subrogazioa onartu du, mantentze lanetan, biltegian eta logistikan, garbiketa industrialean eta telefono instalazioetan. «Enpresa nagusitik kanpoko milaka langileri lan egonkortasuna emango die horrek», azaldu du ELAk. Eta finkatu dute gehienez ere urtebetekoa izango dela aldi baterako lanerako enpresen bidezko kontratazioa. Hiru egunetik bostera pasatuko da aurreabisuen epea, eta soldata aldaketa kolektiboak akordio bidez bakarrik aplikatu ahal izango dira. Gainera, espresuki jaso dute Gipuzkoako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna ere, Espainiakoaren gainetik.

Pandemiaren atarian izan zuten sindikatuek eta Adegi patronalak Gipuzkoako metalgintzaren lan hitzarmena berritzeko lehen bilera. Negoziazioak hasiko zirela ofizialtzeko baizik ez zen izan lehen kontaktu hura, otsailaren amaieran. Udaz geroztik hasi dira berriz aldeen arteko negoziazioak, betiere Bizkaiko metalgintzan lortutako akordioaren itzalpean. ELAk Adegiren azken proposamena onartu eta «akordio historiko bat» egiteko prest dagoela azaldu zuen irailaren hondarrean. Datozen orduetan ikusiko da akordioa ba ote dagoen, Adegik deitutako bilera argigarria izango baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.