ELAren baietzak akordiorako ateak ireki ditu Gipuzkoako metalgintzan

Adegik Gipuzkoako sektorerik handienerako egin duen itun proposamenak LABen, CCOOren edo UGTren babesa behar du. Gaur elkartuko dira berriro sindikatuak eta patronala, akordio baten bila

ELAko industria federazioko arduradunak atzo, metalgintzari buruzko azalpenak ematen. BERRIA.
xabier martin
Donostia
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Bukatu da batasun sindikala Gipuzkoako lan itunerako prozesuan. ELA sindikatuak berebiziko garrantzia duen urratsa egin zuen atzo, Adegik mahai gainean jarritako azken proposamena onartzean. «Akordio historiko bat sinatzeko prest» dagoela jakinarazi du sektoreko lehen indarrak, kasik ordezkaritzaren %49rekin. Kontua da beste hiru sindikatuek berehala erantzun dutela ez daudela prest, «oraindik». Hamar urteren ondoren —2010ekoa da azken ituna, 2011n iraungia—, Gipuzkoako hitzarmenik handiena gaur bertan egiteko aukera gutxi daude, beraz, baina akordioak ateak zabalik ditu. 40.000 langile babestuko lituzkeen itunak itxaron beharko du beharbada,LABek, CCOOk eta UGTk gehiago nahi dutelako, eta ELAri egotzi diotelako «negoziazioa arriskuan» jarri izana proposamena «alde bakarrez» onartzearekin batera.

Edonola ere, eragileek kartak mahai gainean jarriko dituzte gaur metalgintzaren bileran. Sindikatuek eta Adegik pandemiaren atarian izan zuten hitzarmena berritzeko lehen batzarra. Negoziazioak hasiko zirela ofizialtzeko baizik ez zen izan lehen kontaktu hura, otsailaren amaieran. Udaz geroztik hasi dira berriro negoziazioak, betiere Bizkaiko metalgintzan iazko hondarrean lortutako akordioaren itzalpean. Bada, gaur oso gertu ikusten da urte askoan itunik gabe egon den sektore horren hitzarmena berritzea. «Akordio historiko bat» egiteko prest dago ELA, eta ituna eragin orokorrekoa izateko beste hiru sindikatuetako baten baietza nahikoa litzateke.

Adosteko bidean dagoen akordioen inguruko hobekuntzak azaldu ditu Unai Martinez ELAko Industria federazioko buruak: «%9,6ko soldata igoerak, kolektibo garrantzitsuentzako subrogazioa eta lan erreformetarako blindatzeak jasotzen ditu, besteak beste. Urte hauetan, lan baldintzak prekarizatu dituzten erreformei erantzun diegu». Adegik joan den astearen bukaeran proposatu eta ELAk onartu duen idatziak «Gipuzkoako metal desberdin baten alde egingo du, ez baitu prekaritatea bilatzen, langileak baloratzea baizik, eskubideak eta egonkortasuna emanez».

Bizkaiko itunaren itzalpean

ELAk ez zuen sinatu iazko abenduan Bizkaiko metalgintzaren lan hitzarmena. LAB, CCOO eta UGT sindikatuen ordezkaritzek eraginkortasun orokorreko kategoria eman zioten Bizkaiko lan itunik handienari, baina lau sindikatuak plataforma berean ibili ondoren, greba eta manifestazio handiak egin ondoren, ELA kanpoan geratu zen, akordioa laburregi geratzen zela argudiatuta.

Orain, berriz, LABek «aurrerapausoak» ikusi ditu Adegiren proposamenean —ordezkaritzaren %30etik gora dauka —, eta azpimarratu du ez dela kasualitatea izan eskaintza hori mobilizazioen ondoren iritsi izana. Baina sindikatu abertzaleak ez du bat egingo proposamen horrekin gaurko bileran, «gabeziak» ikusten baititu oraindik. Gainera, haserre dago ELArekin, bere erabakia jakinarazteko modua dela eta: «LABek komunikabideen bidez jakin du ELA prest dagoela Adegiren azken proposamena sinatzeko. Mahaiko bileraren bezperan egin du hori, eta alde bakarrez, gainontzeko sindikatuekin kontatu gabe, eta gehiengoaren akordioa bilatu gabe. Bilera baino 24 ordu lehenago uko egin dio proposamena hobetzeari. Zer interes du ELAk negoziazioa gelditzeko?».

Beste bi sindikatuei dagokienez, ikusteko dago CCOOren eta UGTren jarrerak zein diren datozen egunetan; batak zein besteak esan dute proposamena ez dela nahikoa, eta negoziatzen jarraituko dutela. Ez bada aldaketaren bat Adegiren idatzian, zaila izango da gaur bertan egia bihurtzea Gipuzkoako metalgintzaren itun berria. CCOOk eta UGTk patronalaren azken mugimendu bat espero dute jarrera aldaketa ahalbidetuko liekeena. Izan ere, zaila da pentsatzea metalgintzako itun handiaren aukerari ihes egiten utziko diotela. Bietako baten baietza nahikoa da gaur-gaurkoz. Izan ere, baztertuta dago ELAk eragin mugatuko itun bat egitea.

Proposamenaren edukiak

Hitzarmenak jasoko lituzkeen hobekuntzak zerrendatu ditu ELAk. Hasteko, %8,8ko soldata igoerak jaso dira 2019ra arte—atzerako eraginez—, baita dietetan, bidaietan eta abarretan ere; eta %0,8koa 2020. urterako. 2021rako eta 2022rako, berriz, KPIa bermatzen du sektoreko enpresa guztientzat. Ez litzateke dirurik itzuliko KPIa negatiboa balitz. Horrez gain, lan erreformaren aurkako blindatze klausulak daude, baita ultraktibitate mugagabea ere. Azken aldagai horrek ibilbide oso luzeko akordio bihurtuko luke itun hori.

Bestalde, Adegik azpikontratatuentzako subrogazioa onartu du, mantentze lanetan, biltegian eta logistikan, garbiketa industrialean eta telefono instalazioetan. «Enpresa nagusitik kanpoko milaka langileri lan egonkortasuna emango die horrek», azaldu du ELAk. Eta finkatu dute gehienez ere urtebetekoa izango dela aldi baterako lanerako enpresen bidezko kontratazioa. Berdintasunari dagokionez, enpresek legez nahitaezkoa den baino informazio gehiago eman beharko dute, nahitaezko epeekin.

Hiru egunetik bostera pasatuko da aurreabisuen epea, eta soldata aldaketa kolektiboak akordio bidez bakarrik aplikatu ahal izango dira. Gainera, espresuki jaso dute Gipuzkoako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna ere, Espainiakoaren gainetik.

ELAren ustez, «garaia da» gainerako patronalek, pribatuek zein publikoek, «beren langileen lana baloratzearen alde egin dezaten». Sindikatuak esan du lan eskubideak direla «aurrean dugun egoera zailetik ateratzeko errezetarik onena». Erantsi du «frogatuta» geratu dela «negoziatzeko borondatea eta langileentzako eduki onuragarriak badaude», ELA ere akordioan egoteko gai dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.