Klima larrialdia

Australiako Koral Hesi Handiak koralaren erdia galdu du 1995. urtetik

Queenslandeko ikertzaileek ondorioztatu dute galerarik handiena 2016 eta 2017 artean gertatu zela, eta planetaren berotzearekin lotu dute.

Urpekari bat, kolorea galduriko koralen artean, Austaliako Arrezife Hesi Handian. GREG TORDA/ARC CENTRE CORAL REEF / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 14a
12:44
Entzun

Australiako ipar-ekialdeko kostako Koral Hesi Handiak 2.300 kilometro ditu, eta 34.870.000 hektarea inguruko azalera. Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen 1981. urtean, baina azken boladan biotopoak pairatzen duen egoeraz ohartarazi dute mundu osoko hainbat zientzialarik. Orain argitaratu duten ikerketa baten arabera, uharriak koralaren erdia baino gehiago galdu du azken 25 urteotan.

«Uste izan dugu Koral Hesi Handia babestuta zegoela tamaina ikaragarria duelako, baina gure emaitzek erakusten dute munduko uharri sistemarik handiena eta gutxi gorabehera ongi zaindurikoa arriskuan dagoela, gero eta gehiago, eta gain behera», idatzi dute  Queenslanden (Australia) ARC koral uharriak aztertzen dituen institutuak. Gainbehera horren arrazoia klima larrialdia dela adierazi dute zientzialariok. «Ezin dugu denbora galdu», gaineratu dute: «Berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa murriztu behar dugu ahalik eta lasterren».

Koralek kolorea galdu dute azken mende erdian, itsasoaren tenperatura igo egin delako. Hala gertatzen zaie tenperaturaren igoerarengatik zooxanthellae izeneko itsas belarra kanporatzen dutenean. Itsas belar txiki horiek oxigenoa —eta, bide batez, kolorea— ematen diete koralei. Izan ere, uharria sistema konplexua da, espezie asko dituena: 400 koral mota, 4.000 molusku espezie eta 1.500 arrain espezie.

Gehienbat orein adar koralak eta lauak galdu dira, ikerketaren arabera. Batez ere 2016an eta 2017an galdu zuen kolorea uharriak.

Ikertzaileek urte luzez pentsatu dute uharriak bere onera itzultzeko ahalmena zuela. Baina azken boladan gero eta ezkorrago daude: «Gure emaitzek erakusten dute Koral Hesi Handiak berriz sendotzeko ahalmen txikiagoa duela lehen baino, kume gutxiago daudelako, eta kumeak egiten dituzten heldu gutxiago», idatzi du Andy Dietzel ikertzaileak, James Cook Unibertsitatekoak.

Industrializazioaren aurreko garaiarekin parekatuta, planetaren batez besteko tenperatura gradu bat igo da, eta Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du beste gradu erdi bat igotzen bada munduko koralen %90 galduko direla.

Uharriaren balio ekologikoaz gain, Queenslanden ekonomiaren bultzatzaileetako bat da, turista asko erakartzen dituelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.