Etxeratze agindua izanen da Paris inguruan eta beste zortzi metropolitan

Larunbatetik aitzina, sei astez, ezingo da kalera atera 21:00etatik 06:00ak arte. Ipar Euskal Herrian, sei lagun elkartzen ahalko dira gehienez.

Emmanuel Macron, Frantziako presidentea. LEWIS JOLY
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko urriaren 14a
21:28
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak neurri murritzaileak ezarri ditu «birusa aktiboen dagoen» lekuetan. Ile-de-France eskualdeak, eta beste zortzi hiri nagusik etxeratze agindua bete beharko dute, 21:00tatik 06:00ak arte, larunbatetik aitzina. Sei astez iraungo du neurriak osasun larrialdian dauden hirietan: Grenoblen, Lillen, Lyonen, Rouenen, Saint- Etiennen, (Frantzia) Aix-Marseillan, Tolosan, eta Montpellieren (Okzitania).

Etxeratze agindua indarrean dagoen ordutegietan, ostatuek hetsirik egon beharko dute, publikoa hartzen duten beste egitura guztiek bezala. Egunotan zehaztekoa du Macronek zein izanen diren etxeratze agindua gainditzeko «salbuespen egoerak», hala nola lana eta osasun arrazoiak.

Zehaztu du Frantziako Poliziak kontrolak eginen dituela, eta agindua errespetatzen ez duenak 135 euroko isuna ordaindu beharko du. Neurri horrek gehien hunkitzen dituen lan sektoreek «egoeraren araberako diru laguntzak» ukanen dituztela segurtatu du, eta langabezia partziala berriz aktibatuko dutela. Telelana bultzatzeko erabakia enpresen eta lantegien esku utzi du Macronek.

Bestalde, ez da izanen Frantziako Estatuko eskualde batetik bestera mugitzeko neurri murritzailerik. Omiasainduko bakantzak heldu direla eta, debekurik ez du iragarri, baina «arduraz jokatzeko» eskatu du.

Neurri «arinagoak»

Etxeratze agindua ez den lekuetan eta, beraz, Ipar Euskal Herrian, hamar pertsonatik sei pertsonara murriztu ditu Macronek elkarretaratzeak, ostatuetan eta leku publikoetan. Horrez gain, maskara ezartzen, probak egiten eta distantziak errespetatzen segitu beharko dute herritarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.