Frantziako hainbat kargudunen etxeak miatu dituzte jendarmeek

«Krisi sanitarioan ez esku hartu izanaren» akusaziopean ari dira egiten ikerketa, eta etxeak eta bulegoak miatu dizkiete Philippe lehen ministro ohiari, Veran Osasun ministroari, Buzyn Osasun ministro ohiari, Ndiaye gobernuko bozeramaile ohiari eta Salomon osasun arloko goi zuzendariari.

Olivier Veran, Frantizako Osasun Ministroa. IAN LANGSDON / POOL / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko urriaren 15a
11:24
Entzun

Olivier Veran Frantziako Osasun ministroaren, Jerome Salomon osasun arloko goi zuzendariaren, Agnes Buzyn Osasun ministro ohiaren, Sibeth Ndiaye Frantziako Gobernuaren bozeramaile ohiaren eta Edouard Philippe lehen ministro ohiaren etxeak eta bulegoak miatu dituzte goizean. Osasun Publikoaren eta Ingurumenaren Kalteen Kontrako Erakundeko jendarmeek egin dute operazioa. Ikerketa bat egiten ari dira krisi sanitarioan izandako «kudeaketa faltagatik».

Errepublikaren Justizia Auzitegiaren aitzinean —Frantziako ministroak epaitzen ahal dituen auzitegi bakarra da— salaketak ezarri zituzten hainbat pertsona eta eragilek; tartean, medikuak, abokatuak, presoak eta Koronabirusaren Biktimen Frantziako Elkartea. Auzitegiak bederatzi salaketa atxiki ditu guztira, eta ikerketa abiatu du. Salaketa jarri dutenek «krisi sanitarioa gaizki kudeatu izana» leporatzen diete Frantziako ministro eta ministro ohiei. «Arau hauste penalik» egin ote duten ala ez ikertzen ari dira.  Bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna arriskatzen dituzte.

Osasun ministroa bera eta Jean Castex lehen ministroa eguerdi aldera atera dira prentsaurrekora, baina bezperan Emmanuel Macron presidenteak jakinarazitako neurriez aritzeko. Macronek, etzitik aurrera, Paris hiribururako eta beste zortzi metropolitarako agindu du etxeratze agindua, Frantziako Estatu osoa osasun larrialdi egoerara itzultzeko agintzeaz gain.

Horrekin batera, Veranek eta Castexek adierazi dutenez, festa pribatuak debekatu egingo dituzte, eta jatetxeetara joatean izen-abizenak jakinarazi beharko dira, aztarnei kasu egiteko lanak errazteko.

France Info irratiari emandako elkarrizketa batean, Gabriel Attal gobernuaren eledunak gehitu du urtea amaitu baino lehen edo 2021.aren hasieran erabakiko dutela ea eutsiko dieten datorren urteko martxoko departamenduetako eta eskualdeetako hauteskundeei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.