Osakidetzak 700 PCR egingo ditu Beasaingo Txindoki institutuan

Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du «kasu batzuk» atzeman dituztela ikasleen eta irakasleen artean, eta birusaren hedapena eragoztea dela helburua. Gaur arratsaldean eta bihar goizean egingo dituzte probak.

Garbiketa lanak Beasaingo plazan (Gipuzkoa), aurtengo maiatzean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko urriaren 15a
11:49
Entzun

«Egoera kezkagarriena Gipuzkoakoa da». Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hala adierazi du gaur Euskadi Irratian, eta horren adibide da eman duen albistea: Osakidetzak Beasaingo (Gipuzkoa) Txindoki institutuko 700 ikasleri PCR probak egingo dizkie gaur eta bihar. Sailburuak azaldu du «kasu batzuk» atzeman dituztela ikasleen eta irakasleen artean, eta birusaren hedapena eragoztea dela helburua, kasu asintomatikoak ere bakartzea.

Ikasleen gurasoek atzo gauean jaso zuten ikastetxeko zuzendaritzaren mezu bat, azalduz Beasaingo osasun etxearen kanpoaldeko gunean PCRak egin beharko dituztela ikasleek. Ikasleei proba egin bitartean bakartzeko eskatu diete. Osakidetzaren txostenen arabera, azken bi egunetan 36 positibo atzeman dira Beasainen, eta kontuan izan behar da Txindoki institutuan inguruko herrietako ikasleak ere batzen direla.

Sagardui Goierriko eta Urola garaiko alkateekin bilduko da bihar, eskualdeko egoera epidemiologikoa aztertzeko. Sailburuak esan du «printzipioz» ez dutela uste bilera horretan neurri zorrotzagoak adostuko direnik, baina aitortu du kezkagarria dela egoera. Osasun Sailak duela bi egun eman zuen Azpeitian (Gipuzkoa) egiten ari diren baheketaren berri ere.

«Garaiz gaude oraindik»

Osasun sailburu berriak ardura eskatu die gaur herritarrei, «egoera kezkagarria bihur daitekeelako datuak hobetzen ez baditugu». Oraindik garaiz daudela uste du. Azpimarratu du «bizitza sozialean lasaitzen bagara» ez dela helburu hori lortuko, eta gogorarazi du kutsatze gehienak ospakizunetan eta lagunen edo senideen arteko topaketetan gertatzen direla.

Sagarduik hitzeman du berehala hasiko direla antigenoen testak erabiltzen, «oso baliagarriak direlako sintomak dituztenekin erabiltzeko». Ospitaleen egoera oraingoz ona dela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.