Koronabirusa

Bigarren olatuko kutsatu kopururik handiena atzeman dute Hegoaldean

1.123 positibo detektatu dira azken orduetan Hego Euskal Herrian; egindako test horien %7,5ek eman dute positibo. Nafarroan dago egoerarik larriena, eta Gipuzkoan ere okerrera doa.

Tolosako Asuncion klinikaren larrialdietako sarrera, konfinatu zutenean. JUAN CARLOS, FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko urriaren 15a
13:06
Entzun

Nabarmen egin dute gora positiboen kopuruek azken orduetan Hego Euskal Herrian, eta bigarren olatuko kutsatu kopururik handiena atzeman da; guztira, 1.123 positibo. Herenegun, 786 kasu egon ziren. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 14.481 PCR proba egin ziren atzo, eta test horien %7,75ek eman dute positibo. Zentzu txarrean, Nafarroa nabarmendu da ehuneko horretan, azken 24 orduetan egindako PCRen %12,6k eman baitu positibo (Munduko Osasun Erakundeak gomendatutako %5etik oso gora).

Lurraldez lurralde, Nafarroan erregistratu dituzte kasu gehienak: 444. Gipuzkoan ere egoerak okerrera jarraitzen du, 303 positibo egon baitira azken orduetan. Bizkaian 291 izan dira, eta Araban, 77. Gainontzeko zortziak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak direla jakinarazi du Osakidetzak.

Positibo tasa handia pilatzen ari da eremu batzuetan, eta gaurko txostenetan eremu batzuen egoeraz ohartarazi dute. Gipuzkoako eskualde batzuetan joera kezkagarria dute egunotan, eta Osakidetzaren txostenean gorriz seinalatuta ageri dira osasun eremu hauek: Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Ordizia, Alegia eta Tolosa. Hain justu, horietako bi herritan, Beasainen eta Azpeitian,  baheketak egiten hasi dira. Araban, Gasteizko Sansomendi auzoan sumatu dute tasa handia azken bi asteetan, eta Bizkaian, Abadiño-Elorrio-Berriz osasun eremuan eta Markina-Xemeinen.

Nafarroan, positiboak pilatzen ari dira jende gehien bizi den eremuetan: Iruñerrian, Erriberan eta Arga-Aragoiko erriberan. Azken asteetan, hala ere, horietan ez ezik, positibo tasa handia izan dute Baztanen, Sakanan eta Erronkari-Zaraitzun ere. Erriberan, atzo, Zarrakaztelu eta Cadreita itxi zituzten. Asteburu honetan, Zarrakazteluko 1.800 herritarri PCR proba egingo diete. Oraingoz Iruñea ixteko asmorik ez dutela ohartarazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak.

Ospitaleratuta daudenen kopurua egonkorragoa da. Oraintxe, 545 pertsona daude ospitalean, eta, hain zuzen, herenegun erregistratutako datu berbera da. Zainketa intentsiboetako unitatean ospitaleratuta daudenen kopuruak, ordea, gora egin du azken orduetan, eta, oraingoz, 86 pertsona daude ospitaleratuta, herenegun baino bost gehiago. Horietatik, lau Nafarroan izan dira, larrialdietan direnen kopurua 31etik 35era igo baita. Halaber, bost lagun hil dira azken 24 orduetan foru erkidegoan.

Adinaren araberako banaketa

Osakidetzak adinen araberako banaketa bat ere egin du. Jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez ere 40 eta 64 urte arteko pertsonak kutsatu direla azken orduetan; zehazki, 262 izan dira. 19 eta 39, eta 0 eta 18 urte artekoengan atzeman dituzte ostean positibo gehienak, hurrenez hurren. 80 urtetik gorako pertsonak dira gutxien kutsatu direnak.

Hala ere, txosteneko datuetan oinarrituta, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa metaturik handiena 19 eta 39 urte arteko gazteengan atzeman dute: 340,7 pertsona. Gutxien, 65 eta 79 urte arteko helduengan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.