Bihar BERRIA-n

Pasaiako lonjaren egunerokoa bistara

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Pasaiako lonjarako bisita gidatuak antolatu ditu Itsas Etxea kofradiak. Lonjaren funtzionamendua eta egunerokoa ezagutzeko aukera bat da. BERRIAk han ikusitakoari buruzko erreportaje bat kaleratuko du bihar, 'Bizigiro' sailean.

Arrainez betetako kaxak, Pasaiako lonjan, ostegunean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2020ko urriaren 16a
12:53
Entzun

Donostiako Itsas Etxea kofradiak bisita gidatuak antolatu ditu urrian Pasaiako (Gipuzkoa) arrain lonjara. Hango egunerokoa ezagutaraztearekin batera, baxurako arrantzaren berri ematea da, besteak beste, bisitaren helburua. 

Itsas Etxea kofradiako koordinatzaile nagusi Martxel Arozena aritzen da gidari. Aurtengo uztailean inauguratu zuten Itsas Etxea kofradia Donostiako portuan. Euskal Herriko arrantzaleen kofradiek eta Opegi Itsasbazterreko Arrantza Ekoizleen Erakundeak bultzatutako egitasmo bat da. Sektorean belaunaldi aldaketa sustatzea eta bertako arrainekin lotura duen guztiari balioa ematea jarri dituzte helburu gisa. «Ikusgaitasuna eman nahi diogu baxurako arrantzari, eta gazteei lan aukera gisa aurkeztu. Lanbide moderno, grinatsu eta jasangarri gisa, alegia. Badakigu ez dela bulegoko lana, baina ez da garai batekoa ere», nabarmendu du Arozenak bisitara sartu aurretik.

Urriaren 1ean, 8an eta 15ean egin dituzte bisitak, eta 22an eta 29an dira hurrengoak.

Zinema estreinaldiei dagokienez, Klaus Haro zinemagileak Olavi Launio arte galeristaren azalean girotutako film bat egin du. Erretratu misteriotsu bat du hizpide Tutematon Mestari filmak, eta heldu den ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Telesailen atalean, Antidisturbios telesaila estreinatuko du Rodrigo Sorogoyen zuzendari madrildarrak. Movistar Plus plataforman emango dute, Donostiako Zinemalditik igaro ostean. Espainiako Poliziaren egiturazko pitzadurak ditu ardatz telesailak.

Gastronomia atalean, berriz, Iker Markinez Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Kuko jatetxeko sukaldariaren udazkenerako errezeta: onddo eta ziza horiak plantxan.

Josu Garaialde Hazi fundazioko sustapen zuzendariari egindako elkarrizketa ere bai, Eusko Labelek aurkeztu duen produktu berriaren harira: Euskal Ogia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.