Kazetaritza

Euskal Kazetariak saria, Zigor Aldamarentzat

Azaroaren 3an emango dituzte sariak Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak.

Zigor Aldama. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
2020ko urriaren 16a
19:34
Entzun

Zigor Aldama BERRIAko kolaboratzaileak Euskal Kazetariak saria jasoko du, COVID-19aren inguruan egindako jarraipen «bikain eta xeheagatik». Asiako berriemailea da Aldama, eta Euskal Herriko hainbat komunikabidetan kolaboratzen du.

Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria Rosa Maria Calaf kazetariari emango diote.

Ibilbide Profesionalari emandako saria Jose Manuel Alonsorentzat izango da, kazetaritzan izandako ibilbidearen omenez. 50 urte daramatza jardunean, eta literatur sorkuntzan eta goi mailako hezkuntzan lan egin du. La Gaceta del Norte eta Deia egunkarietan erredaktore buru izan zen, eta El Periódico de Álava sortu zuen. Euskal Kazetarien Elkarteko presidentea ere izan zen.

Pertsonaia/Giza instituzioari Saria kategorian, euskal osasungintzako kolektiboa saritu dute, COVID-19ri aurre egiten «lehen lerroan» egindako «lan bikainagatik».

Kazetaritza Digitala Saria Milkel Lopez Iturriaga kazetariari emango diote, El Comidista blogean, publikoari gastronomia «era dibertigarri eta entretenigarri batean hurbiltzeagatik».

Fotokazetaritza Saria Luis Calabor fotokazetariari emango diote, fotokazetaritza ulertzeko eta egiteko modu berri bat sortzeagatik. El Correo egunkariko argazkilaria da.

Ingurumen kazetaritzako kategorian, 2020ko saritua Gorka Belamendia izan da. Ingurumen gaietan aditua eta dibulgatzailea, eta hainbat komunikabidetako kolaboratzailea.

Sariaren 9. aldia izan da, eta honako hauek izan ziren aurreko sarituak: 2007. urtean (1. aldian) Manu Leguinechek jaso zuen saria; 2009an, Sarita Estevezek; 2011n, Iñaki Gabilondok; 2015ean, Mikel Aiestaranek; 2016an, Jon Sistiagak; 2017an, Ane Irazabalek; 2018an, Cesar Cocak; eta iaz, Olatz Arrietak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.