Lan gatazkak

Trenasako langileek lantegia ez ixteko eskatu diote CAFi

Elkarretaratzea egin dute taldearen egoitzaren aurrean, Beasainen. Fabrika bideragarria dela gogorarazi dute beharginek.

Langileen protesta gaur goizean CAFen Beasaingo egoitzaren aurrean. GORKA RUBIO/FOKU
aitor biain
2020ko urriaren 21a
13:46
Entzun

Trenasako langileek argi dute: Castejongo (Nafarroa) planta «bideragarria» da, eta, beraz, haren itxiera «erabat arbitrarioa» da, eta ez du «inolako justifikaziorik». Hori bera gogorarazi diote zuzendaritzari gaur goizean CAFen egoitzaren aurrean egindako protestan, Beasainen (Gipuzkoa). CCOO sindikatua deituta, dozenaka langile elkartu dira Trenasa ez itxi lelopean, 110 beharginen kaleratzea salatu eta zuzendaritzaren jarrera gaitzesteko. Ez dira bakarrik izan, dena den; izan ere, Beasaingo, Irungo, Zaragozako eta Madrilgo lantegietan ere ordubeteko lanuzteak egin dituzte Castejongo langileei babesa adierazteko. 

Miguel Angel Molina langile batzordeko presidenteak (CCOO) azaldu du Trenasa ixtearen erabakia CAFena dela, eta ez diola taldearen errealitate ekonomikoari erantzuten: «CAFi dagokio lana banatzea, eta nahierara egiten du. Trenasara beti produkzio ordu askoko lana bidali izan digu, beraz, normala da Trenasaren kontuak galerak izateko prestatuta egotea. Baina taldeak etekin handiak ditu, eta ez dugu itxierarik onartuko». Eta gogorarazi du «langile gazteak eta kualifikatuak» direla, eta ekoizten dutena merkaturatzeko arazorik ez dutela.

Langile batzordea eta zuzendaritza negoziatzen ari dira; atzo egin zuten hirugarren bilera, baina akordioa urrun ikusten dute oraindik. Langileen enpresaren jarrera gaitzetsi dute: «egoskorra» eta negoziaziorako «itxia» izatea egotzi diote. «Enpresak esaten digun bakarra da esperantzarik ez izateko, fabrika berehala itxiko dutelako», salatu du Molinak.

Zuzendaritza prest dago lan egindako urte bakoitzeko 32 eguneko soldata ordaintzeko, eta langileen %60 aldi baterako beste lan batean jartzeko –hasieran, langileen erdiak ziren soilik–. «Baina ez dakigu non eta zein lan mota izango den. Ez dugu informaziorik: 50 kilometroko mugaren barruan izango dela bakarrik esan digute, baina ez dakigu beste ezer», gaitzetsi du langile batzordeko presidenteak.

Langile talde handi bat urriaren 31n kaleratu nahi du enpresak, eta gelditzen direnak, abenduaren 31n. Baina sindikatuek ez dituzte kaleratzeen baldintzak negoziatu nahi, eta industrializazio prozesuak egiten dituen enpresa baten esku hartzea eskatu dute. «Zuzendaritzak ezezkoa eman digu, hala ere. Esan digu hilaren 31n amaitzen den epean egin beharko litzatekeela, eta ez duela parte hartuko horretan», esan du Molinak.

Hain zuzen, ostiralean beteko dira hiru aste greba mugagabea abiarazi zutenetik, eta egoera «gogorra eta zaila» dela adierazi du langile batzordeko presidenteak; izan ere, egoerari buelta emateko denbora agortzen ari zaiela uste dute, eta urduritzen hasiak dira. Nolanahi ere, Molinak nabarmendu du geratzen diren egunetan «irteera duin bat» lortzen saiatu direla.

Bitartean, lanpostuen defentsan jarraituko dutela diote beharginek. Larunbaterako dute iragarria hurrengo protesta: Castejonen bertan manifestazio «jendetsua» egin nahi dute lantegiaren itxiera salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.