Neurri «murriztaileagoak» aplikatzen badira, laguntza ekonomikoak gehituko ditu Jaurlaritzak

Azpiazu sailburuak aitortu du okerrera egin dezaketela gobernuaren aurreikuspen ekonomikoek.

Pedro Azpiazu eta Arantxa Tapia  sailburuak, Eusko Legebiltzarreko saio batean. RUAL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 22a
12:16
Entzun

Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu du Eusko Jaurlaritzak egindako aurreikuspen ekonomikoak «pandemia erdi kontrolatuta zegoela pentsatuz» egindakoak direla, eta aitortu du horiek okerrera egin dezaketela, osasun krisiari aurre egiteko hartzen diren neurrien arabera. Horiek horrela, enpresei eta langileei lasaitasun mezua igorri nahi izan die, eta ziurtatu du neurri «murriztaileagoak» hartzen badira Jaurlaritzak «neurri berezi gehiago» hartuko dituela egoera aztertu eta gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko.

Eustatek kaleratu dituen hirugarren hiruhileko enpleguaren datuei buruz, uste du albiste ona dela 3.000 lanpostu sortu izana, baina zehaztu du langabezia ez dela %10era jaitsi enplegu asko sortu delako, jendea lana bilatzen ari ez delako baizik. «3.000 enplegu inguru sortu dira, baina kontuan izan behar dugu aurreko hiruhilekoan 30.000 inguru suntsitu zirela», azpimarratu du.

Ekonomia adierazleei begiratuta, hurrengo urtean «hazkunde garrantzitsua» izango den esperantza berretsi du, eta horrek ekonomiaren uzkurtzea «nolabait konpentsatzea» ekarriko duela.

«Ez da zergak igotzeko garaia»

Beste gai batzuekin batera, zerga sistemaz ere mintzatu da Azpiazu. Sailburuak esan du «une honetan» zergak igotzea ez dela erabaki ona, «ekonomia bultzatzeko, politika publikoak mantentzeko eta sakontzeko garaia» delako; uste du zor publikoa handia dela egokiena horretarako. «Zergak igotzea kaltegarria da enpleguarentzat eta ekonomiarentzat. Orain ez da unea. Gauza bat da hausnarketa bat egitea, eta horrela egingo dugu aurten, eta egin behar da, baina ez da zergak igotzeko unea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.