Jaurlaritzak dio BPGak galdutako ia guztia 2021ean berreskuratuko dela

Ekonomia %10,1 uzkurtu da 2020an, baina %8,9 haziko da 2021ean, Pedro Azpiazuren arabera. Ekonomia Sailak ez du beste konfinamendurik espero, eta errebote handia iragarri du

Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazu, erdian, atzoko agerraldia hasteko prest. IREKIA.
xabier martin
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
«Zuhurtzia osoarekin» eta egoeraren «larritasun handia» ezkutatu gabe, Eusko Jaurlaritzakmezu baikorra eman du ekonomiaren eboluzioari dagozkion aurreikuspenak jakinaraztean: 2020. urtean BPG barne produktu gordina uzkurtuko dena 2021ean berreskuratuko da ia osorik. Izan ere, %10,1eko gainbehera aurreikusi du Ekonomia Sailak aurtengo, inoiz ez bezalako beherakada datuak biltzen direnetik, baina datorren urtean susperraldi handia espero du; hain handia ezen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %8,9 hazi eta aurreko urteko zuloa estaliko bailuke. Iragarpen hori konfinamendurako aukeren menpe dago.

Espero zen Jaurlaritzak aurreikuspen ekonomikoak aldatzea, errealitatea uste baino okerragoa izan baita udan jarduera ekonomikoari dagokionez ere. Hala, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak jakinarazi du ekainean egindako-%8,7ko aurreikuspena gaurkotu egin dutela -%10,1era. Beherakada handiagoa izango delako espero dute, era berean, susperraldi handiagoa 2021ean. Ekainean, %6,7ko hazkundea finkatu zuten datorren urterako, baina %8,9koa izango dela uste dute orain. «Susperraldi handiago hori 2020an izango den eroriko handiagoarekin dago lotua», azaldu du Azpiazuk. «Ekonomiarentzat ohiko urte bat aparteko urte batekin alderatzean» aterako litzateke errebote handiagoa.

Horiek horrela, Jaurlaritzaren hiru lurraldeen osotasunaren ekonomia ez da 2022ra arte itzuliko 2019an zuen mailara, baina 2021eko amaieran gertu egongo litzateke.

Apiril arteko kraterra

Enpleguaren alorrean antzeko bidea egingo du langabezia tasak, baina BPGaren eboluzioaren atzetik beti. %11,2 izango da aurtengo bukaeran, eta horrek esan nahi du 30.000 enpleguren galera izango dela; 2021erako, ordea, 15.100 sortuko direla aurreikusi du Ekonomia Sailak, eta horrek %10,7ko tasa utziko luke EAEn. Beraz, susperraldiaren atzetik iritsiko da orain ere enplegu sorrera. Dena den, enpleguaren aurreikuspena 2,5 puntu hobetu du Lakuak 2020rako, %13,7koa aurreikusi baitzuen ekainean.

Iragan uztailean, Ekonomia Sailak jakinarazi zuen urte arteko tasan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %20,1 apaldu zela, eta langabezia %19,8; aldagai guztien ikerketa zorrotzago bat egin ondoren, Eustatek arindu egin ditu datu horiek azken egunetan. BPGari dagokionez, %19,5eko jaitsiera egon da ekainetik ekainera; langabezian, berriz, aldea handiagoa da: %17,2koa. Horiek horrela, BPGa %16,4 jaitsi da bigarren hiruhilekoan, itxialdiaren aroan alegia, eta langabezia tasa %14,3ra igo. Ikusteko dago nolako eboluzioa dagoen hirugarren hiruhilekoan, uztailetik irailerako epealdian alegia. Horrek islatuko du zenbatekoa izan den udako susperraldia, eta batez ere, Gasteizek egindako aurreikuspena, %10,1eko eroriko hori, betegarria den 2020ko amaieran.

Izan ere, Jaurlaritzak ezagutarazitako taula makroekonomikoak uste argi batean du oinarri nagusia: ez da beste konfinamendurik izango. Usteak erdia ustel gertatuko balira aldaketa sakonak egin beharko lituzketela aitortu du Azpiazu sailburuak. «Gure hipotesia hau da: ez da beste konfinamendurik izango. Ez balitz horrela, beste agertoki batean geundeke».

Azpiazuk gogoratu du aldi baterako enplegu erregulazioan 188.500 langile egon zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta abuztu bukaeran 30.000 baino zertxobait gehiago zirela. Ekonomiaren jarduera neurtzen duen termometroa, abuztuan, 35,5eko puntuazioan dagoela esan du, eta oraindik «atzeraldi sendoa» islatzen duela, baina erakusle horrek lau hilabetez egin du hobera, apur bat hobera; hori ere azpimarratu du sailburuak.

«Zuhurtzia guztiarekin, egoera larria delako, baina badira hainbat erakusle esan digutenak susperraldi ekonomikoa badagoela». Dena den, Azpiazuk ez du ezkutatu euskal ekonomia azken hamarkadetako zulorik sakonenean dagoela, etaerantsi du aurrera ateratzeko «elkarlana eta denen aliantza irmoak» beharko direla. Datorren urtean susperraldi sendo bat espero dela eta, «aholku orokor gisa», enpresei eskatu die «ahalik eta enplegu gutxien suntsitzeko» eta, ahal den neurrian, erabakiak «langileekin kontsentsu handiena lortuz» hartzeko.

Industria, 2021aren zain

Egungo argazkiari erreparatuz,zehaztu du 2020ko bukaerarako barne kontsumoa %10,8 jaitsiko dela familiei dagokienez, eta hori dela zamarik handiena; barne kontsumoa, oro har, ia %8 uzkurtuko da, baina esportazioek ere behera egingo dute, nabarmen. Aurten igoko den gastu bakarra administrazio publikoarena izango da: %3,8.

Sektoreka, industria ari da sufritzen gehien, Azpiazuk esan duenez. %14ko gainbehera izango du sektore horren balio erantsiak. Harekin batera, zerbitzuek ere beherakada latza izango dute, %9koa.

2021eko errebotea heltzean, aldiz, gora egingo dute erakusle horiek guztiak. Barne kontsumoa %7,7 haziko da, eta esportazioek positiboan bukatuko dute urtea. Kontsumo pribatuak eta inbertsioak ere gora egingo dute, %8,9 eta %9,3 hurrenez hurren. Industrian susperraldi handi bat espero du Azpiazuren sailak (%10,5), kanpo merkataritzan jarduera bizia aurreikusi dutelako. Zerbitzuak, ostalaritza adibidez, motelago joango dira, birusak gehiago baldintzatuko dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.