Europako Batasuna

Europako Parlamentuak Bielorrusiako oposizioari eman dio Sakharov saria

David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak Lukaxenkoren kontrako mugimenduaren «adorea, erresilientzia eta irmotasuna» goraipatu ditu.

Alexander Lukaxenko Bielorrusiako presidentearen kontrako manifestazio bat, Minsken, joan den astelehenean. STR, EFE
Erredakzioa
2020ko urriaren 22a
18:59
Entzun

Europako Parlamentuak Bielorrusiako oposizio mugimenduari eman dio kontzientzia askatasunaren Sakharov saria. Alexander Lukaxenkoren gobernuaren kontrako protestak «pentsamendu eta adierazpen askatasuna» mamitzen duela adierazi du David Sassoli europarlamentuko presidenteak, eta gaineratu du Europak «Bielorrusiako herriarekiko duen miresmena» handituz doan aldi berean handiagoa dela Lukaxenkoren «erantzun geroz eta bortitzagoek» pizten dioten «samina» ere. Europako Parlamentuak Bielorrusiako presidenteari esan dio hauteskundeak «galdu» zituela eta «bere herriaren ahotsa entzun» behar duela.

Bielorrusian abuztuaren 11n egin zituzten azken hauteskundeak, eta, ordutik, protesta jendetsu ugari izan dira Lukaxenkoren gobernuaren aurka, bozen emaitzak iruzurra direla salatzeko —datu ofizialen arabera, botoen %80 lortu zituen Lukaxenkok—. Sassolik goraipatu egin ditu oposizioaren «adorea, erresilientzia eta irmotasuna».

Hauteskundeak izan eta bederatzi egunera, mugimendua ordezkatzeko Koordinazio Kontseilua bultzatu zuen Svetlana Tikhanovskaia buruzagi politikoak. Elkarte horretako kide dira Maria Kolesnikova musikaria, Sergei Tikhanovski blogaria, Alex Bialiatski giza eskubideen aldeko ekintzailea eta 2010eko bozetan oposizioko presidentegai izan zen Nikolai Statkevitx ere.

Bielorrusiako oposizioa saritzeko proposamena Europako Parlamentuko hiru talderena izan da: popularrena, sozialdemokratena eta liberalena. Proposamena babestu dute kontserbadoreek eta erreformistek.

Saria jasotzeko hautagai finalisten artean ziren, batetik, Berta Caceres Honduraseko ekintzaile ekologista —2016an erail zuten— eta herrialde berean meatzaritza enpresa baten kontrako protestengatik espetxeratuak izan ziren Guapinol elkarteko ekintzaileak, eta, bestetik, Irakeko Mosul hiriko artzapezpikua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.