Giroa

Giroko txirrindulariek planto egin, eta etapa murriztu egin da

Txirrindulariak kexu azaldu dira gaurko etaparen luzeerarekin: 258 kilometro Morbengo eta Asti artean. Azkenean 100 kilometro laburragoa izango da, eta 150 kilometro izango ditu.

Autobusez egiten ari dira Giroko 19. etapako lehen ehun kilometroak. Horietako bat, Giroko telebistako errealizazioaren irudi batean. BERRIA
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 23a
12:24
Entzun

Giroko txirrindulariek planto egin dute etapako irteeran. Atzo 207 kilometroko etapa izan zuten, eta tartean Stelvio igo behar izan zuten. Bada, gaur, oso eguraldi txarrarekin, 258 kilometroko etapa bat zuten aurrean, aurtengo luzeena, Morbengo eta Asti artean. Gianni Bugno txirrindulari ohia buru duen Nazioarteko Txirrindularien Elkarteak bultzatuta, txirrindulariek Mauro Vegni lasterketako zuzendariarekin hitz egin dute, eta azaldu diote baldintza horietan eta atzoko etaparen ostean ezin zela horren etapa luze bat jokatu, txirrindularien osasuna arriskuan jar zezekeela. 

Izan ere, asteartetik etapa guztiak izan dira 200 kilometrotik gorakoak. Eskaria aztertu du Giroaren antolakuntzak, eta onartu du etapa 100 kilometro moztea. Hala, txirrindulariek autobusez egin dituzte lehen kilometroak, adostutako irteera punturaino. Nazioarteko Txirrindularien Elkartea eskertuta azaldu da: "Lehentasuna osasunak izan behar du, are gehiago pandemia egoera honetan. Gaurko etapa murrizteak ez du ikuskizuna gutxituko. Oso eskertuta gaude".

Lider aldaketa izan da Giroan. Wilco Kelderman (Sunweb) atera da gaur elastiko arrosarekin. Bestalde, Giroko antolakuntzak jakinarazi duenez, lasterketa utzi behar izan du Matteo Spreafico (Vini Zabu) txirrindulariak, dopinaren aurkako kontrolean "ezohiko emaitzak" emateagatik. Halaber, Astanako langile batek positibo eman du COVID-19an.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.