Txirrindularitza

Geogheganentzat Giroko etapa, eta Wellensentzat Vueltakoa

Bihar amaituko da Italiako Giroa, eta Hindley eta Geoghegan denbora berdinarekin abiatuko dira azken erlojupekoan. Pello Bilbao laugarren da, eta 1.19ra du podiuma.

ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 24a
20:02
Entzun

Tourrean gertatu bezala, azken erlojupekoak erabakiko du Italiako Giroa. Aurreko egunetako etapa menditsuak kontuan hartuta, nekez pentsa zitekeen hala izango zenik. Baina Sestriererako hiru igoerak egoera horretan utzi dute lasterketa. Emozio eta parekotasun gehiago ezin eskatu. Giroaren 103 urteko historian ez da sekula halakorik gertatu. Jai Hindley (Sunweb) eta Tao Geoghegan (Ineos) denbora berdinarekin iritsi dira azken etapara. 15,7 kilometrora dute loria, eta bakarkako lanean erabakiko dute norentzat den azken elastiko arrosa. Geoghegan ageri da faborito, hobeto moldatzen baita erlojuaren aurka. Pello Bilbaori (Bahrain) zaildu egin zaio podiumean amaitzeko aukera, 1.19ra baitu.

Sestrieren amaitutako etapan Geoghegan nagusitu da, eta bigarren izan da Hindley. Azken hori irtengo da azken lekuan erlojupekoan, eta elastiko arrosarekin. Etapa ikusgarria espero zen, eta txirrindulariek hala izatea ahalbidetu dute.
Eguneko ihesaldia 21 txirrindularik osatu dute. Lehiakorrenak Davide Bellerini (Deceuninck) eta Einar Rubio (Movistar) izan dira. Azken hori iritsi da aurrean Sestriererako azken igoerara. Baina bigarren igoeratik jada faboritoen artean hasia zen lehia. 30 kilometro falta zirenean Rohan Dennisek erritmoa bizitu du. Ikaragarria izan da Dennisek Geogheganen alde egin duen lana.

Wilco Kelderman (Sunweb) atzean geratu da. Kilometroak aurrera joan ahala, konturatu zen ezingo ziola elastiko arrosari eutsi, eta nahiago izan du erritmo jarri bat ezarri eta gutxienez podiumeko lekuari eustea. Haren gurpilean joan da Bilbao.
Dennisekin aurrera egin dute Hindleyek eta Geogheganek. Hala, eguneko ihesaldiko indartsuenak harrapatu dituzte. Sestriereko azken igoerari minutu eta erdiko aldearekin ekin diote liderrarekiko. Abantaila 1.45ekoa zenean, Dennisek erritmoa apur bat gutxitu du, eta errenta 55 segundora ere gutxitu da. Atzetik Joao Almeidak (Deceuninck) egindako Giro bikaina biribildu du, aurrera eginez. Hindleyek etengabe egin dio eraso Geoghegani azken lau kilometroetan. Baina ondo eutsi dio, eta azken metroetan aurrea hartu dio Hindleyri, eta etapa irabazteaz gain, hamar segundoko gainsaria lortu du.
Erlojuaren aurkako etapak 15,7 kilometro izango ditu, eta Cernusco sul Naviglio eta Milan artean jokatuko da. Ibilbidea lau da.

Wellensen garaipena Vueltan

Tim Wellensek (Lotto Soudal), berriz, etekina atera zion atzo ihesaldiari, eta SabiƱanigoko helmugan gailendu d, Espainiako Vueltako bosgarren etapan. Primoz Roglicek (Jumbo Visma) lider segitzen du.
Hainbat ahalegin eta gero Vioko mendatearen igoeran egin zen ihesaldi erabakigarria. Jada aurretik zen hamabi txirrindulariren multzo batetik hiruk egin zuten aurrera: Wellensek, Gillaume Martinek (Cofidis) eta Thymen Aresmanek (Sunweb). Azken kilometrora batera ailegatu dira. Aresman izan ad mugitzen aurrena, baina ondo eutsi, eta bere esperientzia baliatu du garaipena lortzeko. Gaurko etapa Biescas eta Formigal artean izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.