Latinoamerika

Leopoldo Lopez Venezuelatik atera da

Oposizioko buruzagia Espainiaren enbaxadan zegoen 2019an Maduro boteretik botatzen saiatu zirenetik; «bide klandestino bat» erabili du herrialdetik irteteko. Bere aitaren arabera, Espainiara joango da «laster».

Lopez, iaz emandako elkarrizketa batean. M. G. / EFE
ander perez zala
2020ko urriaren 24a
20:50
Entzun

Leopoldo Lopez Venezuelatik atera zen atzo, bere aitak gaur baieztatu duenez. «Bide klandestino bat» erabilita irten zen Espainiaren enbaxadatik Kolonbiako mugara joateko; halere, dagoeneko ez dago herrialde horretan, senidearen arabera. Oposizioko buruzagiaren helburua Espainiara iristea da, eta han izango da «laster», datozen egunetan. Venezuelako Atzerri Ministerioak ere baieztatu du gertaturikoa.

Lopezen gurasoak Madrilen bizi dira, eta espainiar nazionalitatea dute 2015etik; bere aita europarlamentari aukeratu zuten iaz, PPren zerrendan aurkeztu zenean. Oposizioko buruzagia Jesus Silva Espainiako enbaxadorearen etxean zegoen iazko apirilaren 30ean Juan Guaidorekin batera Nicolas Maduro Venezuelako presidente agintetik botatzeko plana sustatu zutenetik.

Ez zuen bere helburua lortu, baina Guaidok eta zenbait militarrek bere etxetik atera zuten; han ari zen betetzen atxiloaldia. Aldi berean, Maduro botatzeko planak huts egin zuela ikusita, Espainiaren enbaxadara joan zen. Lopezen emaztea ere Espainian dago iragan urteko ekainetik, bikotearen alabarekin batera. Espainiara iritsiko balitz, asiloa eskatzeko aukera izango luke.

Espainiak Venezuelako enbaxadorea aldatzea erabaki du, eta litekeena da Lopezek horren harira hartu izana Venezuelatik ateratzeko erabakia. Espainiako Gobernuak, ordea, adierazi du enbaxadore aldaketak ez zuela oposizioko buruzagiaren egoeran eraginik izango, Europa Pressen arabera.

Lopezi ia hamalau urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2015ean, urtebete lehenago izan ziren protestetan indarkeriaren erabilera sustatzeagatik: 43 hildako eta 600 bat zauritu izan ziren, eta 3.500 lagun inguru atxilotu zituzten. Zigor horren ia hiru urte kartzelan bete zituen, eta gero eman zioten etxera itzultzeko baimena, gainontzeko urteak han betetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.