Zinema

Ostiralean abiatuko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astea

Azaroaren 6ra bitarte, 50 proiekzio inguru izango dira: generoko urteko ale nabarmenetako batzuk, klasikoak eta baita beste zenbait jarduera ere. Emanaldi guztiak 21:00 baino lehen amaituko dira.

Jon Insaust, Josemi Beltran eta Patxi Presa, gaur goizean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. IDOIA ZABALETA / FOKU
itziar ugarte irizar
2020ko urriaren 26a
13:57
Entzun

Zonbiak, amesgaiztoak, alegiazko pertsonaiak, eta, batez ere, panpinak. Panpina madarikatuak. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Asteak bueltan ekarriko du generoaren berezko unibertso hori ostiraletik aurrera Donostiara. Peninsula filmak (Yeon Sang-ho, Korea) emango dio hasiera, eta Mandibules (Quentin Dupieux, Frantzia) lanak itxiko du, azaroaren 6an. Bi daten artean, fantasiazko zinemak aurten utzi dituen alerik aipagarrienetako batzuk, film luzeak zein laburrak, eta generoko hainbat klasiko emango ditu jaialdiak. Erakusketek eta bestelako egitasmoek hedatuko dute giroa pantailetatik harago, eta, Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariak esan duenez, baliteke kartelean ageri den Nino panpina ere hiritik agertzea, aurtengo protagonistetako bat.

Pandemiak eragindako ziurgabetasunak ere zeharkatu du jaialdia, eta, egokitzapenak egokitzapen, arduradunak pozik azaldu dira egitera iristeagatik. 18 film luzek eta 33 laburrek osatuko dute aurten Sail Ofiziala, eta programazio horrek berak aurrera egiten lagundu diela adierazi du Beltranek: «Maila handiko genero zinema baita aurtengoa, nazioartekoa».  Sitgesen saritutako lan «gehienak» erakutsiko dituztela aipatu du, eta, film luzeen kasuan, gehienak Europakoak direla zehaztu du. «Aurtengo proposamen interesgarrienak Frantziatik edo Hungariatik datoz, adibidez. Zuzendari berriak, generoari errespetuz, ekarpen berriak egiten dituztenak; La Nuéé [Just Philippot, Frantzia] edo Le Dernier voyage de Paul W. R [Romain Quirot, Frantzia] filmen kasuetan bezala».

Quiroten pelikulako zientzia fikziotik, Tailgate-n beldurrezko istorio «arruntenera» (Lodewijk Crijns, Herbehereak, 2019) zein Host-ek (Rob Savage, Erresuma Batua) erakutsiko duen ezohiko egoerara egingo du jaialdiak —konfinamenduan eta Zoom bidezko elkarrizketa batean sortzen da tentsioa Savageren lanean—. Umoreari ere egingo dio leku, Benni Loves You (Karl Holt, Erresuma Batua) eta Sky Sharks (Marc Fehse, Alemania) filmekin, esaterako, eta, horregatik eskaintza guztiaren «pluraltasuna» azpimarratu du zuzendariak.

Jaialdiaren egoitza nagusiak Antzoki Zaharra eta Viktoria Eugenia izango dira, eta epaimahai ofiziala Caye Casas zinema zuzendariak, Desiree de Fez kazetariak eta Valeria Vegas idazleak osatuko dute aurten.

Inguratzen duten sailak

Sail ofiziala den erakusleiho nagusiaren bi aldetara, animaziozko film laburrek saila eta Espainiako film laburren saila ere prestatu ditu jaialdiak.. Lehenengoaren barruan erakutsiko dira, besteak beste, Marc Riba eta Anna Solanas katalanen Candela, Robin Jensen norvegiarraren Farce eta Coke Rioboo madrildarraren Mad in Xpain. Guztiak emanaldi bakarreko maratoian emango dituzte, azaroaren 2an. Eta berdin Espainiako film laburrekin ere, hurrengo egunean; hor izango dira, hain justu euskarazko hiru lan: Paul Urkijoren Dar-dar, Xanti Rodriguezen Ospel eta Maria Fontanen Zerua hautsi zen gaua.

Klasikoak Panpina madarikatuak deitu duten zikloan erakutsiko dira. Aurtengo karteleko Nino panpina aitzakiatzat hartuta, panpinak protagonista dituzten fantasiazko sei film emango dituzte: Attack of the Puppet People (Bert I. Gordon, 1958), Magic (Richard Attenborough, 1978), Freddy. Historias para no dormir (Narciso Ibañez Serrador, 1982), Child's Play (Tom Holland, 1988), Puppet Master (David Schmoeller, 1989) eta Dead Silence (James Wan, 2007). Lehen biak Tabakaleran erakutsiko dituzte, lehen aldiz jaialdiaren historian.

Jarduera osagarrien aldetik, bestalde, lau erakusketa izango dira Fantasiazko eta Beldurrezko 31. Zinema astearen barruan. Horien artetik, Okendo Kultur Etxean jada ikusgai dagoen Topic Museoa: Alegiazko izakiak-i egin die azpimarra bai Beltranek eta bai Gipuzkoako Foru Aldundiko Patxi Presak. Tolosako Topic museoko 80 txotxongilo ikusi ahal izango dira bertan, erdiak inoiz erakusgai jarri gabeak. Beste hiru erakusketak hauek dira: Sarima. Mundu magiko bat (Udal liburutegi nagusia), Fernando Mircala: Etorkizun dotorea (Kutxa Kultur plaza) eta Betiereko Juan Gimenez (FNAC).

Horrez gain, duela hilabete batzuk zendu zen Javier Agirre zinemagilea omenduko dute, haren film garrantzitsuenetako bat programatuta: El gran amor del conde Drácula (1972). Mikel Pagadik beldurrezko zinemari buruzko bakarrizketa bat ere aurkeztuko du (Beldurted), eta Fanzineen gerra ekimenari jarraipena emango diote.

Pandemiak eragindako azken neurriak tarteko, emanaldi guztiak 21:00etarako amaituta izateko moduan antolatu dute egitaraua. Izan ere, Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak aurreratu du datozen bi hiletan ordu horretarako amaitu beharko direla kultur jarduera guztiak, eta hala adostu dute hiriko kultur eragile ezberdinek. Film guztiak, beraz, behin erakutsiko dituzte, eta sarrerak bihartik aurrera jarriko dituzte salgai, Donostia Kulturaren web orrian. Urriaren 30etik aurrera, bi antzokietako leihatiletan ere erosi ahal izango dira. Filmen zein beste jardueren inguruko xehetasun guztiak euren jaialdiaren webgunean kontsultatu daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.