Zergak

BEZa jaisteko eskatu dute ile apaindegiek

«Ezinbestekoa zerbitzu» bat direla argudiatu dute. Ohartarazi dute hamar establezimendutik sei ixteko arriskuan daudela, eta 25.000 lanpostu kolokan.

Getxoko (Bizkaia) apaindegi bat, maiatzeko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 26a
14:49
Entzun

Ile apaindegietako eta irudi pertsonaleko profesionalek elkarretaratze bat egin dute astelehen honetan, sektorearentzako BEZ murriztua eskatzeko eta aldi baterako enplegu erregulazioetan salbuespenak ezartzeko.

Ohartarazi dute neurri horiek hartu ezean hamar establezimendutik seik itxi egingo dutela, eta 25.700 lanpostu baino gehiago galduko direla.

EIPEF ile apaindegi eta estetika enpresen federazioak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako irudi pertsonaleko elkarteek deituta, zenbait elkarretaratze egin dituzte Espainiako zerga agentziak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan dituen ordezkaritzen aurrean.

BEZa %21etik %10era jaisteko eskatu dute, «ezinbesteko zerbitzu» bat ematen dutela argudiatuta. Gogoratu dute beste sektore batzuei ezarri zaiela BEZ murriztua, tartean albaitariei, ehorztetxeei, zinemei, diskotekei eta ikuskizunei, eta lorezainei, 2012an %8tik %21era igo baitzieten.

Federazioak ohartarazi duenez, sektoreko negozioen % 57,92k ezingo du 6 hilabete baino gehiago iraun, zehazki 7.380 enpresetatik 4.790ek, eta arriskuan jarriko dira ia 25.500 lanpostu zuzen «eta zeharkako askoz ere gehiago».

Azaldu dutenez, honako hau da sektoreko langileen soslaia: autonomoa, emakumezkoa eta gaztea. Eta azpimarratu dute hain justu horiek direla COVID-19k eragindako krisi ekonomikoa gogorren pairatzen ari direnak, «langabeziaren azken zifrek erakusten duten bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.