Hego Euskal Herrrian 1.625 positibo detektatu dira

Egun bakarrean orain arteko proba gehien egin dute Osakidetzak eta Osasunbideak: 19.560 PCR eta antigeno test, guztira. %8,3k eman dute positibo  

Ordizian, PCR probak egiten, urriaren 21ean. GORKA RUBIO / FOKU
joxerra senar
2020ko urriaren 28a
11:15
Entzun

Nafarroan, behera; eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gora. Joera kontrajarriak utzi dituzte agerian Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratutako datuek. Orotara, 1.625 kasu atzeman dira. Aspaldiko partez, Gipuzkoak eta Bizkaiak Nafarroak baino kasu gehiago izan dituzte. Gipuzkoan, atzo, 511 kutsatu detektatu ziren, aurreko egunean baino 98 gehiago. Bizkaian, berriz, 500 positibo atzeman dira, aurreko egunean baino 43 gehiago. Araban ere gora egin dute kasuek, aurreko egunean baino 57 kasu gehiago izan baitira (143, guztira). Hiru lurralde horietan oro har %19 egin dute gora positiboek.

Nafarroan, berriz, behera egin dute kasuek. Lehen datuen arabera, azken 24 orduetan 457 pertsona kutsatu dira, aurreko egunean baino 121 gutxiago. Santos Indurainen arabera, ospitaleratzeetan ez da egoera okertu azken 24 orduetan. Egun, 387 pertsona daude ospitaleratuta (horietatik 68, etxean artatuta); larrialdietan, berriz, 50 pertsona daude, atzo bezala. Dena den, Indurainek nabarmendu du «tentuz» hartu behar dela datua, batik bat bilakaera kontuan hartuz.

Osakidetzari dagokionez, koronabirusa zuten 73 pertsona gehiago sartu ziren ospitaleetako gela arruntetan, baina, kontuan harturik sendagiriak ere eman direla, oro har bi pertsona gehiago daude Osakidetzaren menpeko ospitaleetan. Guztira, 405 pertsona daude ospitalean; ZIUetako oheetan, berriz, 75 daude, atzo baino bat gehiago.

Azken 24 orduetan, Osakidetzak eta Osasunbideak inoiz baino proba gehiago egin dituzte: 19.560 PCR eta antigeno test egin dituzte. Egindakoen artean, batez beste %8,3k eman dute positibo.

79 pertsona hil dira astebetean

Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak txosten epidemiologikoa kaleratu dute gaur. Bertan, daturik deigarrienetako da 74 pertsona hil direla urriaren 19tik 25era.

Bere txostenean, Nafarroak dio aste horretan atzemandako 3.929 kasuetatik %68 asintomatikoak direla, eta %63, beste positibo baten kontaktua —kontrol lan hori nahiko eraginkorra den seinale—. Txostenak nabarmendu du hamar kutsatzetik sei konfiantzazko eremu batean gertatzen direla: etxean bertan, senideen artean (%39) eta etxetik kanpoko ingurukoen eta lagunen artean. Lan eta eskola eremuetan gertatu dira azken asteko kutsatzeen %5.

Adinen arabera, 15 eta 34 urte arteko gazteak dira gehien kutsatu direnak (100.000 biztanleko 834ko intzidentzia tasa izan dute azken astean). Eskualdeka, Iruñerrian eta Lizarrerrian handitu da intzidentzia (536koa da 100.000 biztanleko Iruñerrian, azken astean; 317koa Lizarrerrian). Kontuan hartu behar da intzidentzia tasa hori azken zazpi egunetakoa dela.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, intzidentzia ere handitzen ari da. Kasu honetan, Gipuzkoak du intzidentzia tasarik handiena, azken hamalau egunetan 811 kutsatu baitira 100.000 biztanleko. Bizkaian, 478koa da tasa, eta Araban handitzen ari da: 393koa da 100.000 biztanleko.

Ospitaleratzeei dagokienez, azken astean %76 gehitu dira ospitaleratzeak Nafarroan, aurreko astean baino 261 gehiago sartu baitira ospitale sarean. ZIUetako oheetan, berriz, 23 gehiago.

Koronabirusaren genomaren arrastoak detektatzeko gai dira PCR probak; antigeno probek, berriz, birusa osatzen duten proteina arrastoak atzematen dituzte, eta, azken bi asteetan, proba mota hori erabiltzen hasia da Osasunbidea. Santos Indurain Osasun kontseilariak atzo azaldu zuen euren asmoa dela azaroaren 2rako osasun etxe guztietara hedatzea. Proba horiek emaitzak azkar ematen dituzte, eta, oraingoz, lehen bost egunetan sintomak dituzten pertsonekin erabiliko dituzte.

Nafarroako Gobernuak adierazi du Ospitale Gunean antigeno testen baliagarritasuna aztertzen ari direla, baina, Espainiako Karlos III.a Institutuak balioetsi duenez, fidagarritasuna ematen diote.

Hiru osasun etxe asteburuetan

Asteburuetan hiru osasun etxe irekitzeko asmoa du Osasun Departamentuak. Indurainek aurreratu du Ermitagañako, Mendillorriko eta Antsoaingo osasun etxeak irekiko direla. Hiru osasun etxeotan, halaber, Iruñerriko hainbat auzo eta herritako pertsonak artatuko dituzte. Sintomak dituztenen kasuak ugaritzen ari dira, eta, asteburuetan eskari horrek gainezka egin dezakeenez, hiru osasun etxe horietara bideratuko dute lan hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.