Europako Batzordeak 100 milioi euro jarriko ditu test azkarrak erosteko

Estatu kideen artean banatuko dituzte testak. Gainera, txertoen eta COVID-19a detektatzeko proben BEZa kentzeko proposamena egin du batzordeak.

PCR proba bat, Dusseldorfen (Alemania). SASCHA STEINBACH
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko urriaren 28a
13:57
Entzun

Koronabirusaren bigarren olatua gogor jotzen ari da Europa, eta, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, pandemiaren epizentro bilakatu da. Hala, EB Europako Batzordeak birusaren hedapenari aitzin egiteko neurri berriak iragarri ditu gaur. Neurri bat nabarmentzen da bertze guztien gainetik: EBk 100 milioi euro bideratuko ditu test azkarrak erostera estatu kideen artean banatzeko.

Ursula Von der Leven Europako Batzordeko presidenteak eman du neurrien berri. «Estatu kideei eskatzen diet elkarrekin lan egin dezatela. Orain hartutako urrats ausartek bizitzak salbatzen eta bizibideak babesten lagunduko dute».

Europako Batzordeak BEZari buruzko Europako arauak aldatzea proposatu du. Hala, eskatu du txertoak eta COVID-19a atzemateko probek ez dezatela BEZik izan OMEk pandemiaren amaiera ezarri arte. Orain arteko legealdiarekin, estatuek BEZ murriztua ezar zezaketen txertoetan. Gainera, EBk proposatu du 2021eko apirila arte koronabirusaz babesteko materialek BEZik ez izatea. Estatuek onartu beharko dute neurria.

Test azkarrak erosteko diru laguntzez gain, bidaiariei test azkarrak egiteko laguntzak bideratuko ditu Europako Batasunak. Gainera, estatu kideei eskatu die koronabirusari buruzko informazio gardena emateko biztanleei. Informazio faltsua ezeztatzeko kanpainak egiteko eskaera ere egin du.

Europako agintariak bihar bilduko dira koronabirusaren egoera aztertzeko. Gainera, gaur arratsaldean Angela Merkel aterako da prentsa aurrera, eta birusaren hedapena eteteko neurri gehiago iragarriko ditu. Mila biztanleko 126,1eko intzidentzia tasa du egun Alemaniak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.