Katalunia

Errusiaren enbaxadak barregarritzat jo du Guardia Zibilaren txostena

Bartzelonako epaitegiaren prozesatze autoak dioenez, Errusia zegoen «Espainia desorekatzeko estrategiaren atzean», eta Putinek 10.000 soldadu Kataluniara bidaltzea proposatu zion Puigdemonti. Ironiaz, Errusiako enbaxadak esan du 10.000 ez baizik milioi bat soldatu bidaltzea pentsatzen zutela. Urriaren 1eko erreferendumean subiranistek Edward Snowdenekin eta Julian Assangerekin komunikazio estrategia bat aurrera eraman zutela ere badio.

Puigdemont, 2017ko urriaren 1ean, beste hainbat buruzagi politikorekin. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko urriaren 28a
17:40
Entzun

Errusia zegoen Espainia desorekatzeko estrategia geopolitikoaren atzean. Hala dio Bartzelonako 1. instrukzio epaitegiak gaur onartu duen prozesatze autoak; agindu horren ondorioz, Guardia Zibilak 21 atxiloketa eta 31 miaketa egin ditu orotara. Errusiak Madrilen duen enbaxadak berak Guardia Zibilaren txostena «osatu» du, ironiaz, eta erantzun du sare sozialetan esanez Putinen asmoa ez zela 10.000 soldadu bidaltzea Kataluniara, baizik eta milioi bat (txioa, behean).

Guardia Zibilaren arabera, 2017. urtean Errusiak babesa eskaini zion Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari; independentzia deklaratzen bazuen, Kataluniara 10.000 soldadu bidaltzeko prest zegoen Vladimir Putin Errusiako agintaria. Puigdemontek, ordea, ez zuen onartu. Dena den, epailearen iritziz, «begi bistakoa» da Errusiak eragina izan zuela «Espainiaren ezegonkortze estrategian», baita desinformazio kanpaina bat bultzatu zuela ere.

Nacio Digital egunkariaren arabera, epaitegiak Oriol Soler komunikazio arloko enpresaria lotu du Errusiaren ustezko estrategia geopolitikoarekin, eta urriaren 1eko erreferendumaren garaian Edward Snowden eta Julian Assange ekintzaileekin harremanak izatea egotzi dio. Snowden eta Assange ezagunak dira, besteak beste, hainbat dokumentu klasifikatu argitara ateratzeagatik —Wikileaksen sortzailea da Assange—. Soler gaur atxilotu dute, eta ERCri lotua dago. Haren abokatu Benet Salellasek adierazi duenez, enpresaria ostiralean pasatuko da epailearen aurretik.

Komunikazio estrategia

Autoak dioenez, Soler 2017ko irailaren 9an elkartu zen Assangerekin, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan. Bilera hori desinformazio eta ezegonkortze estrategiaren barnean kokatu du Guardia Zibilak, eta Errusiako Gobernuak ere parte hartu zuela dio: «Putinen gobernuak defendatzen zuen kolapsatzeko zorian zegoela Europako Batasuna, eta bertsio hori indartzeko pauso bat gehiago zen». Kontakizun hori, autoaren arabera, Russia Today eta Sputnik komunikabideen bidez hedatzen zuten.

Horrez gain, Solerri egotzi diote komunikazio estrategia bat garatzea Assangerekin batera. Horretarako, ustez, sare sozialak baliatu zituzten erreferendumean zehar, baita Assangeren, Snowdenen eta Sputnik eta Russia Today komunikabideen txioak ere Twitterren. Ez haienak bakarrik: «Kataluniako komunikabide publikoak eta pribatuak ere baliatu zituzten».

«Osatu gabe»

Guardia Zibilaren txostena argitaratu bezain laster, sare sozialetan izan diren erreakzio gehienek barregarri utzi dute hura. Errusiak Espainian duen enbaxadak ere txiokatu du gaiaz: «Kontuz: Espainiako hedabideetan agertu den informazioa, Errusiako 10.000 soldaduen Kataluniarako iritsierarena, osatu gabe dago». 10.000 baino milioi bat direla bota du, eta Espainiako gerraren garaian Katalunian eraikitako hegazkinetan iritsiko direla. «Kataluniako leku seguru batean ezkutatuta daude, mezu hauen bidez zifratutako agindua jaso arte». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.