Osakidetza

Hasi dute Araban Osakidetzako greba

Sindikatuek esan dute  erantzun «zabala» izaten ari dela. Azaroaren 5ean egingo dute greba Gipuzkoan, eta azaroaren 12an Bizkaian.

2020ko urriaren 29a
12:24
Entzun

Osasun publikoaren «egoera larrian», gaur Arabako lantokietan egiten ari dira ELA, LAB, SATSE, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek Osakidetzan lurraldeka deituriko hiru greba egunetako lehena. Sindikatuek esan dute langileen erantzuna «zabala» izaten ari dela, nahiz eta gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» diren. Langileek «nazkatuta» daudela adierazi dute: «Irtenbide errealak behar ditugu, orain!». Gipuzkoan, azaroaren 5ean egingo dute greba, eta Bizkaian, azaroaren 12an.

Goizean eginiko elkarretaratze batean, azaldu dute «irtenbiderik eza ikusita» deitu dutela hiru eguneko grebara. Hala, ezinbestekotzat jo dute neurri hauek ezartzea: «Osasun publikorako aurrekontu handiagoa, langile kopurua handitzea, behin-behinekotasunarekin amaitzea, murrizketa bidez galdutakoa berreskuratzea, pribatizatutako zerbitzuak publiko bilakatzea eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak hartzea».

Sindikatuek urriaren 15ean eman zuten greba deialdiaren berri, Osakidetzaren «gabezia larriak» salatuta. Azaldu zuten egoera ez dela berria, eta erantsi «urteak» daramatzatela neurriak eskatzen: «Pandemiak larriagotu egin ditu Osakidetzaren sakoneko eta egiturazko arazoak, baina arazo horiek ez dira birusarekin agertu, eta ez dira birusarekin batera joango». Horregatik, «ekiteko» garaia zela azpimarratu zuten. 

Osakidetzak, berriz, murrizketak egin izana ukatu zuen, eta gezurra esan izana leporatu zien sindikatuei. Osasun Sailaren esanetan ere, ez da «ulergarria» horiek grebara jo izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.