Koronabirusa

Osakidetzako sindikatuek hiru egunetarako greba deialdia egin dute

Greba urriaren 29an izango da Araban, azaroaren 5ean Gipuzkoan eta azaroaren 12an Bizkaian

Sindikatuetako ordezkariak, atzoko agerraldian, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Osakidetzako sindikatu guztiek—ELAk, SATSEk, SMEk, LABek, CCOOk, UGT-k, ESK-k, FAEk eta UTEFEk— greba deialdia egingo dute EAEko zentro guztietan, osasun publikoak pairatzen dituen «sakoneko eta egiturazko arazoetarako» konponbidea eskatzeko. Sindikatu guztien izenean ELAko Esther Saavedrak eta eta SATSEko Amaia Mayorrek azaldu dutenez, Araban greba deialdia urriaren 29an izango da; Gipuzkoan, azaroaren 5ean, eta Bizkaian, azaroaren 12an.

Sindikatuek uste dute Osakidetzak «gabezia larriak» dituela, eta horren adierazgarri dela aurrekontuetan osasungintzara bideratzen duten baliabide kopurua —Europako batezbestekoa baino txikiagoa, nabarmendu dutenez—. Erantsi dute «urteak» eman dituztela egoera salatzen eta neurriak eskatzen: «Pandemiak larriagotu ditu Osakidetzaren sakoneko eta egiturazko arazoak, baina arazo horiek ez dira birusarekin agertu, eta ez dira birusarekin batera joango».

«Ekiteko garaia»

Arazo horien artean, sindikatuek bereziki aipatu dituzte lan gainkarga —bereziki nabarmena lehen arretako zerbitzuan, baina ospitaleetan eta osasun mentaleko zentroetan ere agerikotzat jo dutena—, langileen «akidura», behin-behinekoen tasa handia eta pribatizazioak. «Ez da asmo oneko adierazpenak egiteko garaia, ekitekoa baizik», erantsi dute.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu berriaren jarrerari dagokionez, sindikatuek esan dute haren asmoa izan dela sindikatuekin banakako bilerak egitea, «elkar ezagutzen hasteko». «Guk erantzun diogu egoera larria dela, premiazkoa dela irtenbideak mahai gainean jartzea, eta horretarako hobe zela sindikatu guztiekin batera biltzea», azaldu dute. «Baina, hala ere, onartu dugu haren proposamena». Sindikatuen arabera, bilera horietan sailak ez du neurririk aurkeztu.

Saavedrak eta Mayorrek laburbildu dituzte langileen eskakizunak: osasun publikora aurrekontuaren zati egoki bat bideratzea, langile kopurua handitzea eta egonkortzea, murrizketetan eta pribatizazioetan atzera egitea, eta langileen osasuna eta segurtasuna bermatzea.

Sindikatuek esan dute orain arte «arduraz» jokatu dutela, eta hala egingo dutela aurrerantzean ere: «Alarma egoera amaitu arte itxaron genuen mobilizazioei ekin aurretik, eta orain ere itxaron dugu bigarren olatuko datuak apaldu arte. Egoera larriagotuko balitz, prest geundeke greba deialdiak atzeratzeko. Baina administrazioak ere arduraz jokatu behar du, eta soluzioak proposatu».

Osakidetzak ukatu egin du

Osakidetzak erantzun egin die sindikatuei, eta murrizketak egin izana ukatzeaz gain, «egia esateko» eskatu die: «Eusko Jaurlaritzak kalitatezko osasun sistema unibertsal baten alde egiten du, eta horren froga da Osasun Saila dela diru poltsarik handiena darabilen saila, aurrekontu osoaren herena orotara». Langile kopuruari dagokionez, gogorarazi du 4.000 langile kontratatzeko konpromisoa hartu duela.

Osasun Sailaren ustez, ez da «ulergarria» sindikatuek grebara jo izana, are gehiago kontuan hartuta sindikatuekin «alde biko bilera sorta bat» jarri dutela abian: «Gatazkaren bidea alde batera utzi, eta adostasunarena hobesten dugu, horixe baita akordioak lortzeko modu bakarra. Guk jarraituko dugu elkarrizketarako prest».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.