Eusko Legebiltzarrak merkataritza eta ostalaritzarako laguntza gehiago eskatu ditu

Oposizioak proposamen zehatz batzuk egin ditu, eta zenbatekoak ere jarri ditu mahai gainean, baina EAJk eta PSEk atzera bota dituzte eskaera horiek.

Ostalarien protesta bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 29a
14:26
Entzun

Eusko Legebiltzarrak testu bat onartu du Eusko Jaurlaritzari eskatzeko datozen aurrekontuetan, «ahal den neurrian», egun indarrean dauden diru laguntzak «mantentzeko, egokitzeko eta handitzeko», eta COVID-19ak sektore horietan duen eragina gutxituko duten programa berriak bultzatzeko. EAJren eta PSEren babesarekin egin du aurrera adierazpenak. Oposizioaren arabera, ez da nahikoa, ez duelako diru kopuru zehatzik jasotzen, ezta sektore horietako autonomoentzako laguntza zehatzik ere.

Horrekin batera, legebiltzarrak gobernuari eskatu dio kontsumoa sustatzeko programak azter ditzala, horien bilakaera aztertzeko edo aldaketak egiteko, eta beste erakunde batzuekin beste laguntza neurri batzuk bilatzeko.

EAJk eta PSEk duten gehiengoari esker onartu dute adierazpena. EH Bilduk, PP-Ciudadanosek eta Voxek aurka bozkatu dute, eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin da.

Zehaztasunik gabe

EH Bilduk egindako beste proposamen baten harira onartu du testu hori legebiltzarrak. EH Bildurenak hilean 600 eta 1.200 euro arteko laguntzak proposatzen zituen, Espainiako Gobernuak ematen dituenekin bateragarriak, pandemiaren ondorioz jarduera uzten duten autonomoentzat.

Halaber, zerga zorraren ordainketa atzeratzea eta BEZa, PFEZa eta Gizarte Segurantzako kotizazioak etetea proposatzen zuen, jarduera uzten duten autonomoentzat edo gobernuaren laguntzak jasotzen dituztenentzat.

EH Bilduren testua eta PP-Ciudadanosen zuzenketa atzera bota dituzte, EAJk eta PSEk kontra bozkatu dutelako.

Gobernua osatzen duten taldeetatik, EAJko Unai Grajalesek gogora ekarri ditu erakundeek orain arte martxan jarritako laguntza guztiak, eta beste batzuk jartzea defendatu du, baina azpimarratu du erabaki hori administrazio guztiekin koordinatuta hartu behar dela, erakundeen arteko mahaian —Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak datorren asterako deitu du bilera horretara—. Susana Corcuerak (PSE-EE) ere laguntzak eta erakundeen arteko mahaia aipatu ditu.

Ostalarien talde batek manifestazioak antolatu ditu azaroaren 7rako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.