Albistea entzun

Euskaraldia

Gasteizko Udala, Euskaraldiarekin

Aurreko Euskaraldian 13.000 gasteiztarrek eman zuten izena, eta aurten kopuru hori gaindituko dela espero du udalak.

Instituzioetako eta gizarte eragileetako ordezkariak, batera, Gasteizen, duela bi urteko Euskaraldian.
Instituzioetako eta gizarte eragileetako ordezkariak, batera, Gasteizen, duela bi urteko Euskaraldian. EUSKARALDIA

Gasteizko Udalak berriro Euskaraldiarekin bat egingo du, eta duela bi urteko Euskaraldiak hirian izandako oihartzun handia aurten ere nabaritzea espero du, edo handiagoa izatea.
Izan ere, duela bi urteko Euskaraldian 13.000 gasteiztarrek eman zuten izena, eta aurten ere kopuru horietara iristeko konfiantza du udalak. «Nolanahi ere, kopuruetatik harago, beren hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa kolektiboa egingo duten herritar horien guztien ilusioa eta konpromisoa azpimarratu beharra dago», Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuko arduradunen hitzetan.
Euskaraldiaren bigarren ekitaldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da. Plano pertsonalean, rolei dagokienez, ez dago aldaketarik duela bi urte burutu zen lehen Euskaraldiarekin alderatuta: ahobiziek konpromisoa dute ahal den guztietan euskaraz aritzeko; belarriprestek, berriz, euskararen erabilera errazteko funtzioa dute.
Gasteizko Udalak bereziki euskara ulertzeko gai diren gasteiztarrak animatzen ditu Euskaraldian parte hartzera. «Asko baitira». Gasteizko herritarren %46,9k euskara ulertzen dute, eta, 35 urtez azpiko gasteiztarren artean, %79,6k.

Hiria belarriprestekin bete nahi dute. «Ulermena da gakoa orain. Belarripresten ekarpena itzela izan daiteke. Belarriprest aktiboak behar ditugu Gasteizen».

Gorka Urtaran alkateak ere izena eman du, eta Gasteiz ahobiziz eta belarriprestez bete behar dela esan du. Gonbidapen berezia egin die, gainera, euskara ulertzeko gai diren gasteiztarrei. «Beraiek dira erronka nagusi eta politena orain».
Herritarrak izena ematera animatzeaz gain, Gasteizko Udala entitate gisa ere parte hartzen ari da Euskaraldian. Horrela, lanean ari da, bere egitura barruan ere ariguneak identifikatzeko eta gune horiek ere aktibatzeko.

Oraingoz, arigune hauek identifikatu dituzte: 45 kanpo arigune (herritarrei arreta emateko espazioak edo bulegoak) eta 30 barne arigune (ariketa era kolektiboan egiteko prest dauden lantaldeak edo zerbitzuak). Arigune horien baitan 315 langilek hartuko dute parte. «Epe ofiziala amaitu bada ere, arigune gehiago izango dira hemendik eta Euskaraldiaren hasierara bitartean batuko direnak».

 

Euskara aktibatu

Aipagarria da Gasteizko Udala elkarlanean ari dela erakundeekin, elkarteekin, eragileekin eta herritarrekin euskararen erabilera sustatzeko hirian.«Eragileekin batera eta hiritarrekin batera aktibatu egingo dugu euskara Gasteizen».

Udalak hainbat ekinbide martxan jarriak ditu euskara bultzatzeko. Horrela, besteak beste, euskara ikastaroak antolatzen ditu gizarte etxeetan, gurasoentzat, 55 urtetik gorako pertsonentzat, atzerritarrentzat, eta merkataritzako eta ostalaritzako langileentzat.
Euskarari lotutako beste zenbait jarduera ere egiten ditu. Horien berri jakin daiteke udalaren webgunean ageri den euskararen agendan.
Halaber, Oihaneder Euskararen Etxearen bidez ere, Gasteizko Udalak  antolatzen ditu euskarari loturiko ekitaldiak.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.vitoria-gasteiz.org.

Albiste gehiago

Txorimalo bat da bideoklipeko protagonista. ©UZTURPE IKASTOLA

Zero Kilometro

2022ko Kilometroak

Bertan eta bertako sortzaileei esker osatu ahal izan dugu aurtengo leloa, logoa eta ‘Irribarra’ abestia, guztiak zero Kilometro.

Munduko Gastronomiak Ibarran azokak herritar ugari bildu zituen herriko plazan. ©UZTURPE IKASTOLA

Ibarran bada mundu bat

2022ko Kilometroak

Guraso etorkinek osatutako batzorde bat da aurtengo Kilometroak festaren berrikuntzetako bat. Uzturpe ikastolako kideek ezinbestekotzat jo dute haien ekarpena.

Joan den martxoan Ibarran bertan egindako Kilometroak Txikia festan ateratako taldeko argazkia. ©UZTURPE IKASTOLA

Aro berriko lehen Kilometroak

2022ko Kilometroak

Egun bakarra ardatz zuen Gipuzkoako ikastolen festa atzean uzteko asmoa zegoen aspaldi. Pandemiak, alabaina, lehen saiakera zapuztu zuen; beraz, aurtengoa dugu eraberritutako ekitaldia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Gasteizko Udala