Euskaraldia

Euskaratik eta ezagutzatik hobetuz

Elhuyarrek euskararen komunitateari ematen dionaren inguruan hausnartuko du Euskaraldian, besteak beste.

Elhuyar Fundazioko lantaldea. ELHUYAR FUNDAZIOA
2020ko azaroaren 5a
09:24
Entzun

Elhuyarrek 1972. urtean jarri zituen lehen zimenduak, zientzia eta euskara uztartzeko helburuarekin. 2002an hartu zuen fundazio izaera, eta, ordutik hona egin duen ibilbide oparoari esker, euskalgintzako erreferente bilakatu da. Euskara da Elhuyarren funtsezko lanabesa, euskaratik eta euskararentzat egiten baitu lan; egunerokoan euskara etxe barruko alor guztietan egon arren, Euskaraldiari parez pare irekiko dizkio ateak, eta ariketa berezi bat egiteko baliatuko dute: gogoeta egiteko abagunea izango dute langileek.

Elhuyarreko langileek «naturalki» erabiltzen dute euskara egunerokoan. Hori dela eta, Jon Abril Elhuyarreko zuzendariak azaldu duenez, Euskaraldian ez dute aparteko aldaketarik egingo hizkuntza ohiturei dagokienez, baina testuinguruari ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatuko dira: «Testuingurua etxe barruan gogoeta egiteko aprobetxatuko dugu, eta euskararen komunitateari eskaintzen diogunaren inguruan aritzeko. Euskalgintzako erakunde bat gara, beti egin dugu euskara esparru berrietara eramateko ahalegina, eta horri buruz hausnartzeko eta hori partekatzeko erabiliko dugu batez ere Euskaraldia». Horregatik, barrura baino, kanpora begira zer lan egin dezaketen aztertuko dute. Horrez gain, Abrilek nabarmendu du beste erakunde batzuentzat eredu izan nahi dutela, eta agerian utzi nahi dutela euskaraz bizi eta lan egin daitekeela.

Izan ere, funtsean, Elhuyar zientziatik eta euskararentzat lan egiteko sortu zuten, zientziaren alorrean euskara egon zedin. Baina, fundazioko zuzendariak azaldu duenez, urratsez urrats lortu dute «euskaratik eta ezagutzatik gizartea hobetzeko lan egitea», hau da, erakundeak gaur egun ez du lan egiten euskararentzat, euskaratik baizik: «Nolabait, ez dugu hizkuntzaren zerbitzura lan egiten: geurea dugu hizkuntza, geure baliabideak ditugu, eta horietatik eskaintzen ditugu gizartea hobetzeko tresnak eta zerbitzuak». Hiztegiak, aholkularitza, itzultzaileak, berdintasuna bermatzeko bideak, hizkuntza baliabideak… askotariko erremintak jartzen ditu fundazioak norbanakoen, enpresen eta erakundeen eskura, eta horiek kudeatzen ere irakasten die. Egun, gainera, adimen artifiziala eta big data hizkuntzan txertatzen ari dira, itzultzaile automatikoaren, ahots ezagutzailearen eta ahotsaren sintesiaren bidez, besteak beste.

Ezagutza handituz

Garaiak aldatzen ari dira, eta joera aldaketa bat nabaritu dute, bereziki, enpresetan, administrazioan eta erakundeetan: «Belaunaldi berriak sartu ahala, ezagutza ere handitzen doa, eta askotan erakunde barrutik ailegatzen zaizkigu eskariak». Horretarako, Abrilek uste du Euskaraldia bezalako egitasmoak funtsezkoak direla, eta aurten, esaterako, Euskal Herriko ehunka erakundetan hainbeste arigune aktibatuta bultzada bat emango diotela euskararen erabilerari: «Beharbada, orain arte euskaraz aritu ez diren lantokietan euskara sartuko da, eta horrek beste behar batzuk ikusaraztea dakar».

Halaber, talde bakoitzaren errealitatea desberdina dela azaldu du, eta egoera bakoitzera egokitu behar izaten dutela lan egiteko: «Errealitatearen araberako plan pertsonalizatuak egiten ditugu. Hasteko, pentsatu behar dugu zein den inguru horretako egoera soziolinguistikoa, eta hortik abiatu». Haatik, abiapuntu desberdina izanda ere, helburu bera izan ohi dute, eta konpromiso batzuk sustatzen dituzte xede horietara heltzeko.

Konpromisoa bai, baina euskara erabiltzea izan ohi da erronka sarri. Ildo horretatik, egun teknologiak eta mundu digitalak duten erabilera aintzat hartuz, Abrilek azaldu du herritarrek euren hizkuntza ere eremu digital horretan garatu nahi dutela, eta halako baliabideak eskura jarriz gero, erabilera nahiko handia izan ohi dela. Euskaraldiarekin egin du lotura: «Agian, belarriprest edo ahobizibatek zalantzak izan ditzake euskaraz idaztekoan, eta halako tresnek konfiantza gehiago izaten laguntzen dute; hori sustatzen segitu behar dugu». Horregatik, nabarmendu du beharrezkoa dela baliabide horiek eskura jartzea, eremu digitalean sendo aritzea eta erraz erabiltzeko moduko baliabideak sortzea. «Horretan ahalegintzen gara geu ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.