Euskaraldia

Berrikuntzaren euskal agentzia, Innobasque

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak Euskaraldiarekin bat egiten du, eta urtero aurrerapausoak egiten ari da euskararen erabilera sustatzeko.

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren taldea, 2018tik Euskaraldiarekin bat. INNOBASQUE
2020ko azaroaren 7a
09:51
Entzun

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzian euskararen erabilera bultzatzen ari dira. Zeregin horretan, urratsez urrats ari da azken urtotan, eta urrats horiek handiagoak izan dira 2016an Euskara Batzordea sortu zenetik. «Nahiz eta oraindik asko daukagun egiteko, emandako urratsek iaz Bidean maila eskuratzera eraman gaituzte. Bai Euskarari ziurtagiri honek entitatean hizkuntzaren egoera aztertu eta jarraipen bat egiteko aukera eman zigun: euskararen presentzia sustatzeko neurri zehatzak hartuz eta ekimen ezberdinak abian jarriz».

Aurten ezarritako helburuetako bat euskararen erabilera erakunde barruan sustatzea izan da. Lan unitate guztietan euskararen erabilera zehaztu da mintzagrama baten bidez. «Mintzagrama horiek aztertu eta banakako zein taldeko konpromisoak hartu ditugu. Guretzat, Euskaraldia 2020 , bere ariguneekin, helburu hori betetzera eraman gaitzakeen ekimena da, eta horregatik erabaki dugu entitate moduan aurten ere ekimen honetan parte hartzea».

2018. urtean, Innobasquek bere langileen parte hartzea sustatu zuen Euskaraldian eta, aurten, urrats bat gehiago eman du aurrera 3 hiru barne arigune identifikatuta. Aurtengo Euskaraldian, beraz, Innobasqueko langileek ez ezik, Innobasquek berak ere entitate moduan parte hartuko du euskararen erabileraren bidea lantzen jarraitzeko.

Berrikuntza proiektuak euskaraz

Izan ere, euskara eta euskalduntzea, Innobasqueren ardatz nagusi bat da. «Innobasquek apustu haundia egin du azken hiru urteotan eta horregatik, ezina ekinez egina izan da. Pausoz pauso eta prestakuntzarekin, hobetzen joango gara».

Euskaraz lan egitea, barrura begira, langileen artean, eta kanpora begira, beste enpresekin eta erakundeekin, Innobasquerentzat garrantzitsua da:. «Bai, noski. Berrikuntza proiektuak euskaraz ere garatu nahi ditugu Innobasquen, gure bazkide sarea osatzen duten enpresa eta erakundeek ere hala eskatzen digutelako. Euskararen berpizte prozesuak gure gizartean izan duen bideak asko dauka berrikuntza sozialetik gainera: elkarlanean egin den bidea izan da, parte hartzetik eta herri antolaketatik».

Behetik gorako berrikuntza prozesua izan da. «Baina erakundeek ere asmatu dute lan hori ongarritzen, loratzeko baldintzak sortzen. Zeharkako prozesua da: eremu ezberdinak jorratzen dituena, adin tarte edo jatorri ezberdinetako pertsonak biltzen dituena… Eta guk ere gure alea jarri nahi dugu lan kolektibo honetan».

Horrela, bide horretan, Innobasquen aurrerapausoak ematen ari dira, eta aurrepauso gehiago ematen jarraituko dute. «Euskara plana zehaztea, eta bereziki, Euskara Batzordearen eraketa mugarri izan dira gure kasuan. Alde batetik, gure abiapuntua zein den ondo aztertzeko aukera eman digu euskara planak: euskararen ezagutza lantaldean, gure arteko hizkuntz ohiturak, euskaraz ditugun harremanak (kanpokoak zein barnekoak) ikustaraztea…».

Bestetik, Euskara batzordea prozesu hori modu parte hartzaile eta zabalean egiteko motorra izan da. «Unitate ezberdinetako lankideek osatzen dute Euskara Batzordea eta berehala ikusi genuen Innobasquen bagenituela euskaraz lan egiteko espazioak eta lan taldeak. Horiekin hasi eta hedatzen joan gara, bereziki euskarak gure lanari egiten dion ekarpena nabarmenduz eta bidearekin gozatuz».

Bide horretan, prestakuntza garrantzitsua izan da, «giltzarria»: euskara eskolak, formazio saioak euskaraz, euskararen ezagutza teknikoa indartzeko ekintzak… Eta hainbat ekinbidetan parte hartzea ere bai:«Korrikarekin bat egin genuen, adibidez. Euskarak duen alde gozagarria ere bada».

Bazkideekin ere, euskara bultzatzeko ahaleginetan ari dira: «Kanpora begira ere, gure bazkideekin elkarlanean saiatzen ari gara euskara indartzen: harrera, materialgintza… Azken hau izan daiteke eskuartean daukan erronka nagusiena».

Innobasqueko kideak eta langileak euskararen erabilera bultzatzearen aldeko apustuarekin bat datoz erabat. «Oso harrera ona izan du lantaldean euskara sustatzeko prozesuak, euskara maila edozein izanda ere. Norbanako zein taldeko konpromisoak landu ditugu, bakoitzak neurri eta modu ezberdinean: euskaraz elkar agurtu, lan bilerak euskaraz egin… beti ere gure hizkuntz ohiturak aldatu eta euskararen presentzia indartzeko. Euskaraldiak bide honetan jarraitzeko aukera eskainiko digu: ahoak bizi eta belarriak prest ditugu!».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.innobasque.eus

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.