Euskaraldia

Hitzarmen bat euskaraldiarekin

Eroskik eta Euskaraldiak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute euskararen garapena eta normalizazioa sustatzeko.

Ezkerrean, Josean Yela, eta eskuinean, Kike Amonarriz, lan hitzarmena sinatu eta gero. EROSKI
2020ko azaroaren 6a
09:21
Entzun

Erosketak ere euskaraz egitea. Supermerkatura joan, eta produktuen etiketak euskaraz irakurri ahal izatea. Baita zintzilik egoten diren kartelak ere, eskaintzen berri emanez. Eroskik hori guztia euskaraz egiteko aukera ematen die bezeroei: konpromiso sendoa eta iraunkorra du euskararekin, eta euskararen ezagutza eta hedapena sustatzen ditu. Izan ere, orain arteko ibilbidea aintzat hartuz, aitzindaria izan da bere markako produktuei euskarazko etiketa jartzen, eta, gaur egun ere, banaketa arloko enpresetan hori egiten duen bakarra da.

Eroski Taldea ezin definitu daiteke «kooperatibismo» kontzeptua erabili gabe; hori baita Eroski: elkarlanaren eta lankidetzaren fruitu. Ildo horretatik jarraitu nahi izan du orain ere, eta bere aletxoa jarri nahi izan du Euskaraldian. Izan ere, Eroskik eta Euskaraldiak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute herritarren hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera sustatzea xede duen egitasmo horri laguntzeko, Elorrion (Bizkaia), urriaren 19an. Sinatu berri duten hitzarmen horren bitartez, Eroskik Euskaraldiarekin duen konpromisoa berritu du, eta babesa erakutsi dio azaroaren 20tik abenduaren 4ra martxan jarriko den ariketa sozial horri. Modu horretan, euskararen garapenean eta normalizazioan aurrera egiteko urrats bat egin du Eroskik.

Euskaraldiarekin duen konpromiso hori bi egitasmoren bidez islatuko du Eroskik, besteak beste: batetik, Euskadi eta Nafarroako Eroski dendek Euskaraldiko banderak jarriko dituzte eskuragarri. Horrela, Euskaraldia egitasmoaren antolatzaileek herritarrak ariketa sozialean parte hartzera bultzatu nahi dituzte, «kaleak, balkoiak eta erakusleihoak hizkuntza atxikipenaren sinbolo horrekin janztera», Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarrizek adierazi duenez. Horrez gain, Amonarrizek egungo egoera korapilatsuari egin dio erreferentzia, eta nabarmendu du inoiz baino beharrezkoagoa dela euskarari oihartzuna ematea: «Bigarren Euskaraldi hau oso testuinguru zailean iritsi da; izan ere, COVID-19ak eragin garrantzitsua izan du gizartean eta gure harremanetan. Hori dela eta, inoiz baino garrantzitsuagoa da kalean euskarari presentzia ematea, herriz herri hizkuntzarekiko atxikipena ikusaraztea». Bandera horien salmentarekin lortutako dirua Euskaraldiaren antolatzaileentzat izango da.

‘Ariguneak’ eroskin

Bestalde, aurtengo Euskaraldia berritasun batekin heldu da: partaidetza indibidualaz gain, euskara taldeka sustatzea proposatu du. Taldekako ariketa hori arigune deiturikoen bidez gauzatuko da, eta euskaraz aritzeko antolatutako guneak edo taldeak izango dira, hala nola enpresetan, elkarteetan, erakundeetan… Eroskik aukera hori eman nahi izan die langileei, eta, horretarako, gune horietako batzuk egokitu ditu bere egoitzetan, bazkide langileek beren borondatez egitasmoaren bat egiteko aukera izan dezaten, euren hizkuntza ohiturak aldatzen saiatuz. Eroskik hasiera-hasieratik erakutsi du euskararekiko duen konpromisoa, eta oraingoan Euskaraldiari bultzada bat ematen lagunduko duen arren, baditu bestelako proiektu eta planak ere, Euskara Plana esaterako.

Hala azaldu, argi eta garbi, du Harreman Instituzionaleko eta Kanpo Harremanetarako zuzendari Josean Yelak: «Eroskin konpromiso sendoa eta iraunkorra dugu euskararen hedapenarekin. Sortze agirian bertan jasota dator euskararen koofizialtasuna, eta halaxe sustatzen dugu arlo guztietan bai langileok eta bai kontsumitzaileok. Era berean, zenbait egitasmo gauzatzen ditugu euskararen normalizazioaren alde gure bezeroekin, langileekin eta hornitzaileekin dugun harremanean». Eroskiko dendetako bezeroek, beraz, orain arte bezala erosketak euskaraz egiteko aukera izateaz gain, Euskaraldiko banderak eskuratzeko aukera izango duten beren ohiko saltokietan, eta, horrela, etxeko balkoian zintzilik jarri eta kalean ere euskarak presentzia handiagoa izaten lagunduko dute. Eroskiko langileek, bestalde, euren hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko aukera izango dute, lantokitik hasita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.