Euskaraldia

Euskarekiko konpromisoa

LAB sindikatuak sorreratik izan du euskararekiko konpromisoa. Eragile sozio-sindikal moduan bere burua definitu duen unetik, jendarteko mugimenduekin batera eragile izaera bereganatu du, eta euskalgintzan ere bere aletxoa jartzen aritu da hasieratik.

Laneus egitasmoaren aurkezpena. LAB
2020ko azaroaren 8a
10:41
Entzun

Euskararekiko konpromisoa izan du LAB sindikatuak bere ibilbide osoan, eta euskalduntzearen alde lan handia egin du eta egiten ari da.

Aipatzekoa da LAB sindikatuak, oro har, euskalgintzak bere garaian izan dituen teorizazio eta eskaerei erantzun izan diela, garaian-garaian bere egituretan egokitzapenak eginez, betiere euskararekiko konpromisoa berretsiz.

Horrela, 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990eko hamarkadaren hasieran, euskararen ezagutzan indarra jarrita zegoenean, LAB sindikatuak erabaki trinkoa hartu zuen bere zuzendaritza organoetako kideak euskalduntzeko, eta ikastaro trinkoak eskaini zituen beharrizana zuten kideentzat.

Lizartzako barnetegiak dituzte gogoan LAB sindikatuko kide askok; besteak beste, ikastaro horietan euskaldundu zen Rafa Diez Usabiaga idazkari nagusia izandakoa ere.

1980ko hamarkada horren bukaera aldera, eta 1990eko hamarkadaren lehen erdian, Kataluniatik zetozen hizkuntzaren inguruko hainbat joerari jarraikiz, Euskal Herrian ere erabileraren auzia nagusitzen hasi zen, eta LABek ere horri erantzuteko beharra ikusi zuen. Horrela, 1999ko Biltzar Nagusian, euskalduntze prozesuarekin jarraitu eta sindikatuarentzako lehen plan egituratua martxan jartzea adostu zuen, gerora mota honetako erakundeetan aitzindari izango zena.

Hasieratik argi zegoen eta egun mantentzen den ideia da euskalduntze prozesu kolektiboek funtzionatzen dutela baldin eta borondatea badago eta horretarako baliabideak ezartzen badira, eta LABek modu horretan egin izan du.

Horrela, Euslab egitasmoa, hots, euskararen normalizaziorako lehen egitasmo estrategikoa aurkeztu zen, 2000.urtean.

Sindikatuak, bere lehen planean, bi plano banatu zituen hasieratik, argi baitzuen sindikatuak berak erakunde gisa egin beharreko aldaketaren norantza, baina baita eragile soziopolitiko gisa zegokion ardura ere. Sineus barne euskalduntzerako plana eta Laneus lan munduaren euskalduntzean eragiteko osatu zituen. Horretarako, lehen euskara idazkaria izendatu eta euskara idazkaritza martxan jarri ziren nazio organoen egituren barruan.

Sineus

Sineus barne euskalduntzerako planaren helburua da LABen berariazko hizkuntza euskara izatea eta, ondorioz, organizazioaren kulturan eta funtzionamenduan euskara errealki eguneroko lan eta bizitza tresna izatea lortzea.

Planak sindikatuaren hizkuntza politika definitzen du, eta barne euskalduntzearen sistematizazioa ekarri du. Hor kokatu ziren nazio organo guztiek euskara hutsez funtzionatzen hasteko erabakiak, euskararen neurtzaileen figurak, kideak euskalduntzeko Trebalan programa (beharrizana zuen orori euskalduntze prestakuntza doan eskaintz), Bai Euskarari ziurtagiriarekin konpromisoa (Zerbitzua Euskaraz ziurtagiria lortzea) eta beste zenbait ekinbide.

Hizkuntza eraldaketa organizazioetan tesi bat aurkeztu zuen Iñaki Markok, LABek euskalduntzean 1998tik 2008ra egindako bidea ikertuz, eta horrekin gero hainbat ondorio atera izan dira.

Laneus

Laneus planaren helburua da LABek, bere ekintza sindikalaren bidez, lan munduan euskararen normalizazioaren aldeko eragile eraginkorra izatea lortzea, enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko.

Laneus planaren barruan aurkeztu zen 2014an lan mundua euskalduntzeko prozesu parte hartzailea, zabalpen eta oihartzun handia izan zuena. Proposamen horrek, gainerako sindikatuekin batera, garapen nabarmena izan du Urola Kosta eta beste eskualde batzuetan. Bertan, oso ondo jasota dator zein den lan mundua euskalduntzeko langileak ahaldundu eta LABek egiten duen eskaintza.

Horrez gain, aipagarria da LAB sindikatua beti herrigintzarekin elkarlanean aritu izan dela, euskaduntzeare arloan, eta harreman iraunkorra eta estua duela, besteak beste, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin, AEKrekin eta halako beste erakunde batzuekin.

Lorpenak

Negoziazio kolektiboetan euskarari buruz jaso beharreko puntuak eta hitzarmenetan borrokatu beharrekoak ere zehaztu ditu LAB sindikatuak, garaian garaikoari egokituta, eta badira zenbait dokumentu 2000. urtean hasi eta gaur egun arte neurrien zerrenda osoa daukatenak.

Gaur egun, sindikatuko kideen %100 euskaldunak dira, eta berrehundik gora langile dira, guztira. Euskaraz lan egiteko gai dira langile guztiak.

Egun, sindikatuko funtzionamenduan ia %100 euskaraz baino ez da egiten, edo nagusiki euskaraz, eremu bakoitzak askotan baldintzatzen duen arren.

Euskalduntzearen arloan, LAB sindikatua aurrera egiten ari da, urratsez urrats. «Jauziak nabariak dira, eta gure itzultzaile programa zuzentzaile programa izateko saltoa eman nahian gabiltza. Horrela, sortzen den oro euskaraz sor dadin eta beharrizana dagoen kasuetan zuzendu, eta ez hainbeste itzuli».

Halaber, enpresetan euskara planak martxan jartzen ari dira. «Delegatuen ekimenez, zenbait enpresatan euskara plana martxan jarri da, eta langileen euskalduntzean urratsak egin dituzte euskara ikasteko eskaintza eginez».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.lab.eus.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.