Nafarroak 657 milioi euro erabiliko ditu 2021ean COVID-19ari aurre egiteko

Aurrekontuen aurreproiektuan onartu du gobernu kontseiluak, eta «inoizko handiena» izango dela nabarmendu du Elma Saizek.

Elma Saiz eta PSNko Ramon Alzorriz, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
2020ko azaroaren 4a
13:46
Entzun

Ehun eurotik 55 euro Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte Eskubideen departamenduetara bideratzea proposatu du Nafarroako Gobernuak, 2021eko aurrekontuen aurreproiektuan. Guztira, 4.870,5 milioi euroko aurrekontuak izango ditu datorren urtean. Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu du «historiako anbiziotsuena» izango dela, aurtengoaren aldean %6,5 gehiago izango baitu inbertsio eta gasturako (296,3 milioi euro gehiago, alegia).

COVID-19ari aurre egiteko ahalegina eta haren ondorio sozioekonomikoa aurrekontuaren aurreproiektuan islatu da, ezinbestean. Saizek azaldu duenez, aurrekontuok «Nafarroako susperraldi ekonomikoaren oinarriak jarriko dituzte». Orotara, 657,4 milioi euro jarriko dira horretarako: 150,2 milioi euro gaixotasunak eragindako gastu gehigarrian erabiliko dira; 46 milioi, kontrazioetan —batik bat Osasunbidean, 35 milioi, eta Hezkuntzan, 9,3 milioi—, eta beste 103 milioi euro, bestelako gastuetan. Halaber, berreraikuntzarako Nafarroa Suspertu planeko egitasmoetan inbertitzeko 507,2 milioi euro jaso ditu aurreproiektuak. Saizen arabera, inbertsioak %14 handitu dira, aurtengo datuarekin konparatuta.

Aurreproiektua aurkeztuta, haren edukia Nafarroako Gizarte eta Ekonomia Kontseilura (gizarte eragileen organoa), Tokiko Erregimenaren Batzordera (udalen organoa) eta Ingurumen Batzordera bidaliko da datozen egunetan. Horren ondotik, datorren astean onartuko du gobernuak lege proiektua, eta parlamentura bidali gero.

Dena den, gobernua sostengatzen duten lau alderdiak gutxiengoan direnez, EH Bilduren edo Navarra Sumaren babesa behar du aurrekontuak aurrera atera ahal izateko. Orain, ematen du koalizio abertzalea dela elkarrizketarako solaskide nagusia, Adolfo Araizek «bide onetik» doala aipatu baitzuen astelehenean. Behin eta berriz galdetu zaio Saizi zein den solaskide nagusia eta ea akordioa lortzear den, baina kontseilariak aukera guztiak irekita daudela besterik ez du esan, eta ez du aurreratu nor den euren lehentasuna. Navarra Sumak abstentzioa eskaini dio gobernuari EH Bildurekin harreman oro moztea erabakiz gero. «Gobernu honek ez du betorik buruan. Hilabeteotan dekretu ugari aurkeztu, eta ia denak aho batez onartu dira. Batasun politikoa da armarik egokiena pandemiaren aurka borroka egiteko», ihardetsi du Saizek.. 

Aurrekontuaren nondik norakoak
Arlo sozialean, gastu publikoa %8 inguru handituko da: zehazki, osasun arloan %7,7, hezkuntzan %%7,9, eta gizarte eskubideen arloan %9. Igoerok COVID-19aren ondorioei aurre egiteko izango dira batik bat. Adibidez, osasun arloak 1.253,6 milioi euroko aurrekontua izango du, eta igoera pandemiaren ondorioetarako eta lehen arretarako erabiliko da gehienbat (langileen kontrataziorako 36 milioi izango dira). Hezkuntzan ere, segurtasun eta higiene neurriek izango dute pisurik handiena: 735,9 milioi euroko aurrekontua izango du.

Beste gastu deigarrien artean, Nafarroako Gobernuak kalkulatu du estatuari 560 milioi euroko ekarpena ordaintzea. Hala ere, aurreko bost urteetakoa eguneratu osteko erreferentzia baino ez da zifra hori, bi aldeek 2020tik 2024rako epeko lehen urtearen kalkulua hitzartzeko baitute; horren arabera, ixteko dago Nafarroaren eta Espainiaren arteko diru mugimenduen likidazioa. Gainera, udalen gastu arrunta finantzatzeko 256 milioi euro bideratuko dira, eta inbertsioetarako beste 17 milioi euro. Gainera, herrien husteari aurre egiteko neurrietarako, 2 milioi euro jaso ditu aurreproiektuak, eta herri arteko garraioa hobetzeko, beste 3,5 milioi euro. 

Errepideak mantentzeko lanetan 47,7 milioi euro jarriko dira, eta lehentasunen artean daude N-121 2+1 motako errepidera egokitzeko obrak. Bideko autobidearen eta Pirinioetako autobidearen kanonak ordaintzeko, 50,4 milioi eta 19,6 milioi gastatuko ditu, hurrenez hurren, eta Nafarroako Ubideko lehen fasearen zabaltzeko ureztatze sisteman, 9,25 milioi. 

Autonomoentzako laguntza

COVID-19aren ondorioei aurre egiteko, autonomoek laguntza gehiago izango dituzte 2021ean. Urtean 10.000 eurotik behera fakuratzen duten enpresa txikiek eta autonomoek ez dute jarduera ekonomikoko zergarik ordainduko. Zerga hori udalek bildu ohi dute, eta, hurrengo urtean, ogasunak konpentsatu egin ohi die zergadunei, errenta edo sozietate zerga bidez. Saizen arabera, neurri horrekin udalei eragingo dieten kaltea konpentsatuko die Nafarroako Gobernuak. 

Errenta zergan, modulukako ordainketa kendu egingo dute, eta estimazio bidezko sistema bat ezarriko da. Saizen arabera, neurri horrek ere mesede egingo die autonomoei. Halaber, kenkarien mugak murriztu nahi dituzte pentsio plan pribatuen ekarpenetan. Sozietate zergan, berriz, sinplifikatu egingo dute enplegua sortzeagatik eman ohi den pizgarria. Iruzurraren aurkako borrokari dagokionez, zerga amnistiak debekatu egingo dira, eta erabilera bikoitzeko softwarea ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.