Diru laguntzak

Jaurlaritzak beste 15 milioi jarriko ditu merkataritzarako eta turismorako

Gobernuak berretsi du lokalen alokairuen prezioetan ezin duela esku hartu, Kataluniak egin duen bezala. 

Durangoko (Bizkaia) taberna bateko langile bat, aurreko astean. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 4a
20:10
Entzun

Eusko Jaurlaritzak bikoiztu egin du merkataritzarako eta turismorako ezohiko laguntzetarako aurrekontua —15 milioi euro izan beharrean, 30 milioi izango dira—, COVID-19ak kalte egindako negozioen jabeek aurkeztutako 10.000 eskaerei erantzun ahal izateko.

Hala iragarri du Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak asteazken honetan, erakunde arteko mahaiaren bileraren ostean.

Sailburuak azaldu du hasierako 15 milioiekin orain arte jasotako eskaeren erdiei erantzungo dietela —5.000 inguru—, eta ordainketa horiek «ahalik eta azkarrena» egitea espero duela.

Alokairuak

Neurri horrez gain, COVID-19aren krisian bereziki kaltetutako negozioen jabeei lokalen alokairuak ordaintzeko formulak aztertu dituzte bileran.

Arazo horri irtenbide bat bilatzen laguntzeko prest agertu bada ere, Hurtadok baztertu egin du Kataluniako Generalitateak hartutako neurria. Hango gobernuak alokairuen prezioak %50 jaistera behartuko ditu jabeak, COVID-19 dela-eta itxita dauden ostalaritzako lokalen kasuan. Hurtadok esan du «arrazoi juridikoengatik» ezin dela neurri hori EAEra ekarri.

Dena den, gogoratu du datu asko gurutza daitezkeela, egungo zailtasunen aurrean errentari eta errentatzaileen artean «ahalik eta adostasunik handiena» lortzeko. Hala nola Eusko Jaurlaritzaren esku dauden alokairuen fidantzen erregistroak, jarduera ekonomikoen gaineko zerga eta BEZaren aldaketak.

Ostalarien eskaerak

Bileraren aurretik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek ohartarazi dute 16.000 lanpostu galduko direla baldin eta administrazio publikoek ez badute premiazko erreskate planik prestatzen. Diru galerak 187 milioi euro baino gehiagorenak izan daitezkeela kalkulatu dute. Era berean, BEZa % 4ra murrizteko eskatu duten eta aldi baterako enplegu erregulazioen baldintzak berrikusteko.

Sailburuak gogorarazi du ostalariek egindako eskaera batzuek Eusko Jaurlaritzaren eskumenak gainditzen dituztela, eta horiek aurrera ateratzeko ezinbestekoa dela erakundeen arteko koordinazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.