Reala 3-0 Granada

Reala nagusi koronabirusak baldintzaturiko partida batean

Athleticek galdu egin du Valladoliden, eta Alavesek puntu bat ekarri du Levanteren zelaitik.

Mikel Oiartzabal, Granadako Roberto Soldadoren aurrean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 9a
08:18
Entzun 00:00:0000:00:00

Realak Espainiako Ligako buru jarraitzen du, Granadari Anoetan 3-0 irabazi ondoren (partida 2-0 amaitu bazen ere). Baina partidaren protagonista koronabirusa izan da. Izan ere, Granadak ezin izan ditu zelairatu legez behar duen jokalari kopurua, positiboengatik, eta Reala garailetzat eman dute.

Granadak asteazkenean jokatu zuen Zipren, Europako Ligako partidan. Antonio Puertas jokalariak positibo eman zuen, eta, hori dela eta, taldeak ezin izan ditu zelairatu harekin bidaiatu zuten jokalariak. Beraz, serologia proba pasatua duten jokalariak baino ezin izan ditu erabili. Lehen taldeko zazpi jokalari bakarrik eraman ahal izan ditu Donostiara. Atsedenaldian, Andaluziako taldeak bi jokalari aldageletara bidali ditu, Roberto Soldado eta Kenedy. Lehenak duela gutxi pasatu du COVID-19 gaitza, eta bigarrena mina hartuta dago. Ligaren arauen arabera, lehen taldeko gutxienez bost zelairatu behar ditu talde batek, eta muga horretan geratu da Granada. Baina 76. minutuan, Jorge Molina zelaitik atera du taldeak, belaunean mina hartu duelako. Araua hautsi du taldeak.

Lehen zatian, motibazio osoz jokatu du Realak. Eraso ugari egin ditu, eta hamaika gol aukera eduki ditu. Halere, gola penaltiz heldu da: Granadako Pepek eragin du zigorra, eta Oiartzabalek sartu du.

Konfiantza hartuta, bigarren zatian Merinori, Januzajiri, Zalduari eta Oiartzabali atseden eman die Realaren entrenatzaileak, eta haien lekuan Portu, Guridi, Merquelanz eta Zubeldia zelairatu ditu.

Granadak araua hautsi duen unetik, Reala gehiegi lasaitu da, eta ordaindu egin du. Le Normandek Machisi heldu dio Granadako jokalariak gola sartzeko arriskua sortu duenean, eta zuzenean txartel gorria atera diote. Horrez gain, penalti batekin zigortu dute Reala, baina Remiro atezainak gelditu egin du Machisek eginiko jaurtiketa.

Azkenean, Relak 2-0 irabazi dio Granadari, baina arauz kanpoko taldea zelairatzeagatik, 3-0 irabazitzat eman diote.

Athleticek galdu Valladoliden

Valladolid azkena zen sailkapenean, eta, halere, Athletic ez da gauza izan hari irabazteko, nahiz eta aukera esku artean eduki. Unai Simonen bi hutsek ekarri dituzte Valladoliden golak: penalti bat eragin du jokalariak, eta hortik lehenengo gola. Jokaldi batean baloia oker desbideratzean eragin du, nahi gabe, bigarrena.

Egoerak Athletic piztu du, baina, ordurako, berandu izan da. Williamsek penaltiz lortu du partida 2-1 jartzea, baina ez da aski izan berdinketa lortzeko, jokalariek ez baitute lortu aukerak gol bihurtzea.

Puntu bat Alavesentzat

Jokalari bat gutxiagorekin, baina Levanteren zelaitik puntu batekin ateratzea lortu du Alavesek. Lucas Perezek berehala jarri ditu babazorroak aurretik: hirugarren minutuan. Baina handik ordu erdira poza larritasun bihurtu zaio taldeari, Edgar kanporatu baitute epaileek, eta hamar jokalarirekin geratu baitira.

Aurkako gol batekin, eta jokalari bat gehiagorekin, akuilua sentitu zuen Levantek. Erraz heldu dira Alavesen areara.

Bigarren zatia hasi eta sei minutura berdindu du Levantek, Moralesek eginiko gol baten bidez. Levantek eraso ugari egin ditu ondoren, baina Alavesek ondo eutsi dio, eta aukerak ere eduki ditu: esaterako, azken minutuetan Sergio Leonek eginiko jaurtiketa bat.

Azkenean, berdinketa, eta Alaves pozik itzuli da Gasteizera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.