Frantzia

Melenchon presidentegai izango da Frantziako 2022ko bozetan

Frantzia Intsumisoa ezkerreko alderdi politikoaren hautagaia izango dela iragarri du. Eliseora heltzeko hirugarren saiakera izango luke.

Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko presidentea, artxiboko irudi batean. IAN LANGSDON, EFE
2020ko azaroaren 9a
12:32
Entzun

Jean-Luc Melenchon Frantziako presidentetzarako bozetara aurkeztuko da 2022. urtean. Beste saiakera bat egingo du, 2012. eta 2017.urtekoen ondotik, estatuburu kargua lortzeko.

Igandean, TF1 telebistaren albistegian egin zioten elkarrizketan, jakinarazi zuen Frantzia Intsumisoa ezkerreko alderdiaren hautagaia izango dela. «Prest nago. Nire hautagaitza aurkezten dut».

Melenchonek zehaztu du hautagaitza aurkeztuko duela baldin eta, aurretik, Interneten, aldeko 150.000 sinadura biltzen baditu. Helburu egingarria dirudi, sare sozialetan milioika jarraitzaile dituela aintzat hartuta. «Gobernatzeko talde bat daukat prest. 2022 da aldaketarako unea. Gizartea kale itsu batean dago».

Ezkerreko hautagai izango denak erregimen aldaketa bat bultzatu nahi du Frantzian. Charles de Gaullek 1958an ezarritako Bosgarren Errepublikako «monarkia presidentziala» alde batera utzi, eta, batzorde konstituziogile bat eratu, estatu eredu berri bat indarrean jartzeko.

Melenchon Ezkerreko Frontea koalizioaren hautagaia izan zen 2012. urtean. Botoetan laugarren geratu zen lehenengo itzulian, botoen %11,1 lortuta. 2017an, berriz, berak sortutako Frantzia Intsumisoa mugimenduko presidentegaia izan zen. Orduan ere gehien bozkatuetan laugarren izan zen, Emmanuel Macron egungo presidentearen, Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiaren eta François Fillon presidentegai errepublikanoaren atzetik, botoen %19,6arekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.