Euskaraldia

Publikotasuna eta Euskaltasuna

Inklusioa lortzeko, euskara beharrezkoa dela uste du Steilasek, eta Euskal Eskola Publikoa horretarako topaleku bat dela.

Euskal Eskola Publikoaren festa bat, Lekeition. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko azaroaren 10a
09:13
Entzun

Hezkuntza eta hizkuntza. Letra bakar batek desberdintzen ditu bi hitz horiek, eta bien arteko lotura ere oso estua da. Izan ere, hizkuntza da hezkuntzarako tresna nagusia, hizkuntzaren bitartez irakasten eta ikasten baita. Alde horretatik, euskal hezkuntzako erreferente nagusietako bat da Steilas sindikatua. 1977. urtetik ari da lanean, Nafarroan, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Hezkuntzako irakasleen sindikatu bat da, haiek dioten bezala, «irakasleen eta ez-irakasleen topalekua», eta haur eskoletatik hasi eta unibertsitaterainoko hezkuntzaren alde dihardu. Euskal eskola publikoaren aldeko borroka da Steilasen ardatz nagusia, eta eraldaketa soziala bultzatzea du helburu.

Langileen eskubideak aldarrikatzeaz gain, Steilasek pertsonen garapen integrala eta kritikoa bermatu nahi du hezkuntza ereduaren bidez; gizarte kohesio bat bermatzen duen hezkuntza eredu bat, hain zuzen. Horretarako, euskara aldarrikatzen du tresna garrantzitsu bezala: «Jakina da hizkuntzak lurralde eta kulturen ikurrak direla; zentzu horretan, gure herrian euskarak etxean sentitzen lagun gaitzakeen elementu bat da, edo beste era batera esanda, gizarte inklusiorako tresna bikaina izan daiteke».

Eskola inklusiboa defendatzen baitu Steilasek, «guztion eskola». Hezkuntza eredu hori lortu ahal izateko, desberdintasun sozialei eta muga pertsonalei aurre egin behar zaiela azpimarratzen du. Gainera, inklusioak gero eta presentzia handiagoa izan beharko luke sindikatuaren aburuz, kontuan hartuz milaka etorkin etortzen direla urtero Euskal Herrira. Hori guztia aintzat hartuta, eskolak hainbat alderdi bermatu beharko lituzkeela uste du: «Aukera berdintasuna sustatzea jatorri ezberdintasunak alde batera utzita, arrazoi pertsonal edo sozialen ondorioz sortutako aldeak berdintzea segregazioa ekiditeko, elkartasuna sustatzea eta ez indibidualismoa, lankidetza eta talde lana lehiakortasunaren aurrean, hezkidetza eta ez sexismoa eta, azken finean, pertsona kritikoen garapen integrala eta ez prestakuntza profesional hutsa».

Orain arte euskarak eskoletan izan duen presentzia eta ibilbidea aintzat hartuta, sindikatuak euskal eskola publikoak euskararen hedapenean egin duen lan «paregabea» nabarmendu nahi izan du, «azken 30 urteotan gehien euskaldundu duen erakundea baita». Horiek dira Steilasen bi oinarri nagusiak: publikotasuna eta euskaltasuna. Horregatik, sistema publiko «indartsu» bat eskatzen du, kualitatiboki nahiz kuantitatiboki.

Horrez gain, euskal eskola publikoa aniztasunaren topagunea dela nabarmentzen du, eta euskara dutenak eta euskararen beharra dutenak elkarrekin egoteko toki bat dela. «Badakigu euskara dugunok gure artean bakarrik elkartzen bagara hizkuntza horren erabilera gurekin amaitzen dela. Beraz, ezinbestekoa da gure gotorlekutik ateratzea eta besteekin bizitzea, orain arte soilik gurea izan dena partekatzeko, eta hori da hizkuntzari euskal eskola publikoak egiten dion ekarpena hain zuzen ere, euskara guztiona eta guztiontzat baita».

Publikoaren alde

Gainera, abenduan Euskal Eskola Publikoaz Harro deituriko kanpainan parte hartu zuten. Kanpaina horretan, jende ugarik adierazi du hezkuntza publikoko komunitateko kide izateak harro sentiarazten dituela, eta hainbat ikas komunitatek egin dute bat manifestuarekin. Ekainean, kanpainari amaiera emateko, alderdi politikoei eskatu zieten programetan sartzeko manifestuan jasota dauden aldarrikapenak.

Aipatutako aldarrikapenez gain, Steilasek beste arlo batzuetan ere egiten du lan, eta arlo horietako pertsonei babesa eta laguntza erakutsi nahi izaten die. Esaterako, «Idazkaritza feminista» deritzoten arloa dute sindikatuaren barruan; aurten, gainera, Emakume Idazkaritzatik Idazkaritza Feministara izenburua duen monografikoa aurkeztu dute, Steilasek azken urteetan landu duen pedagogia feministaren hastapenen nondik norakoak azaltzen dituena.

Aipatutakoaz gain, beste gizarte mugimendu batzuei ere babesa erakusten die, hala nola lan osasunaren alde dihardutenei eta LGTBI+ kolektibokoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.