Peruko Kongresuak Martin Vizcarra presidentea kargugabetu du

Estatuburuak onartu egin du ganberaren erabakia

Martin Vizcarra Peruko presidentea, atzo eginiko agerraldian. EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 10a
11:54
Entzun

Peruko Kongresuak Martin Vizcarra herrialdeko presidentea kargugabetu du bart, gobernatzeko duen «ezintasun moral iraunkorra» argudiatuta. Haren aurkako mozioa bozkatu zuten atzo parlamentuan, eta emaitza argia izan zen: aldeko 105 boto jaso zituen, hemeretzi kontrako, eta lau abstentzio. Ustelkeria ekintzak egitea leporatzen diote estatuburuari. Horiek horrela, Manuel Merino de Lama Kongresuko presidenteak hartuko du haren tokia, behin-behinean. Hauteskunde data mantenduko duela iragarri du Merinok, hori «atzeraezina» dela iritzita: beraz, dena ondo bidean, datorren urteko apirilaren 11an egingo dituzte presidentetzarako bozak.

Presidentearen kargugabetzea jakin bezain laster, Vizcarrak adierazi zuen onartzen zuela erabakia, eta berehala utziko duela jauregia: «Gaur nire etxera joango naiz, nahiz eta gomendio asko dauden erabaki hori eragozteko legezko ekintzen bidez jarduteko». Jakinarazi zuen ez zuela bide hori hartuko. Hala, kontzientzia «lasai» duela esan zuen, eta haren kontrako akusazioak faltsuak direla berretsi.

Ez zen esperotakoa izan kongresuaren erabakia, presidenteak mozioa gainditzea aurreikusten baitzen. Vizcarra, agindu bezala, atzo goizeko lehen orduan agertu zen eztabaidara, bere defentsa aurkezteko, eta bertan ukatu egin zuen eroskeriarik jaso izana. Gogor kritikatu zuen bere aurkako kargugabetze prozesua: «Ez dago delitu baten frogarik, eta ez da egongo, ez baitut deliturik egin. Gertaera faltsuak dira, ez dira berretsi; hipotesiak dira», esan zuen presidenteak. Mozioa «arma politiko gisa» erabili izana salatu zuen, eta azpimarratu Peruren gobernabidea ezin zela etengabeko mehatxupean egon. «Peruk egonkortasuna, ordena eta batasuna behar ditu».

Bestelakoa izan zen, ordea, kongresuaren erantzuna, eta estatuburua kargugabetzea erabaki zuten, ganberan dauden indar politiko gehienen babesarekin. «Gezurtia, immorala eta ustela» izatea egotzi zioten, baita Peruk bizi duen ezegonkortasun politiko guztiaren erantzulea izatea ere. Kontra bozkatu zuten apurren artean dago Alderdi Morea.

Merinok hainbat erronka izango ditu aurretik. Esate baterako, hauteskundeak antolatzea, COVID-19aren pandemia kudeatzea eta herrialdea jasaten ari den krisi ekonomikoari erantzutea. Hori, baina, giro zail batean egin beharko du, kongresua zatituta dagoelako, eta herria, haserre.

Protestak

Vizcarraren kargugabetzeak harrabotsa sortu du herrialdean, baita handik kanpo ere, eta kezkatuta agertu dira gertakari horrek ezegonkortasuna sustatuko ote duen. Limako San Martin plazan erabakiaren aurkako protestak egin dituzte, eta han egon da Julio Guzman Morea Alderdiko burua ere: «Argi geratu dadila. Hau ez da Vizcarrarengatik, Perugatik da», adierazi zuen. «Ez dugu zalantza gehiagorik nahi, nazkatuta gaude kongresu honekin». Erabakiaren kontra agertu zen Ollanta Humala presidente ohia ere, «huts egin» dutela nabarmenduz.

George Forsyth presidente izateko hautagaiak argi hitz egin du: «Estatu kolpe mozorrotu bat da». Antzera aritu da Veronika Mendoza ezkerreko hautagaia, eta mobilizatzeko deia egin die herritarrei: «Ez dago beste ezer itxaroteko ustelduta dagoen klase politiko honengatik. Antolatutako eta mobilizatutako herritarrek soilik berreskuratu ahal izango dute demokrazia, eta jendearen bizitza eta duintasuna aurretik jarri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.