EUSKAL PRESOAK

Sortuk uste du Iñaki Bilbaoren borrokaldiak «ez duela zentzurik»

Independentzia eta sozialismoa dira gose eta egarri greban dagoen presoaren eskaerak, eta Sortuk ohartarazi du «modu horretan planteatuta bukaera posible bakarra» duela ekinaldiak: euskal presoaren heriotza. Sortuk ez du «desio» halakorik gertatzea, eta, beraz, adierazi du ez duela protesta «babesten».

Iñaki Bilbaoren aldeko proteta bat, urrian, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2020ko azaroaren 10a
16:05
Entzun

Iñaki Bilbao euskal presoaren protestaldiari buruzko ohar bat kaleratu du Sortuk. Alderdiaren ustez, «ekimenak ez du zentzurik, interpelazio edota eskaera gauzagarririk ez duenez gero, eta ez du zerikusirik ezker abertzalearen kultura politiko historikoarekin zein gurean gure herriarekiko konpromisoa jorratzeko baliatu izan ditugun moldeekin». Independentzia eta sozialismoa dira Bilbaoren eskaerak, eta, horretarako, gose eta egarri grebari ekin dio, aurretik egindako gose eta komunikazio grebaren ondoren. Sorturen ustez, «modu horretan planteatuta, ekimen horrek bukaera posible bakarra du: Iñakiren heriotza», eta ez da hori alderdiak nahi duena: «Argi adierazten dugu Iñakiren ekimenak arestian aipatutakoa ez bezalako amaiera bat izan dezan nahi eta desio dugula».

Alde horretatik, eta «ikuspuntu iraultzaile batetik, baita giza ikuspegi hutsetik ere», Sortuk adierazi du ez dela «ezaxola» Bilbaoren erabakiaren aurrean. Halaber, adierazi du «euskal preso, iheslari eta deportatu politiko guzti-guztien eskubideen defentsa egin eta haien etxeratzea aldarrikatzen eta jorratzen» jarraituko duela «baita, Iñaki Bilbaoren kasuan bezalaxe, preso eta iheslari politikoen kolektiboak utzita eta ezker abertzalearengandik urrunduta dauden horien kasuan ere»: «Preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak etxean eta bizirik izatea da EPPKren eta ezker abertzale osoaren lehentasuna. Hori dela eta, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratzearen alde indarrak biderkatzeko deia egiten dugu beste behin ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.