Danimarkako Gobernuak hamabost milioi bisoi sakrifikatuko ditu

Danimarka da munduko bisoi ekoizlerik handiena, eta COVID-19a atzeman dute hainbat landetxetan. Gobernuak, legez, oraindik ezin du bisoi guztiak sakrifikatzeko agindu, baina denbora kontua da: «Agintarien erabakia sendoa eta behin betikoa da: ez dago atzera-bueltarik». 2,4 milioi ale sakrifikatu dituzte jada.

Bi bisoi amerikar haztegi bateko kaiolan. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2020ko azaroaren 10a
17:04
Entzun

«Beharrezkoa da Danimarkan dauden hamabost milioi bisoi amerikarrak sakrifikatzea». Badira aste batzuk Europako hainbat herrialdetan antzeko neurriak hartzen hasi zirela zenbait landetxetan COVID-19a atzeman delako, eta Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak gaur berretsi du asmo horrekin aurrera jarraitzeko erabakia. Munduan, Danimarka da animalia horien ekoizlerik handiena.

Gobernuak joan den astean iragarri zuen gutxienez 214 lagun kutsatu direla bisoietan atzeman dituzten koronabirusaren bost mutazioren ondorioz. Horietako hamabiri, gainera, Cluster 5 mutazioa aurkitu diete; birus horrek antigorputzak sortzeko ahalmena murrizten du, eta COVID-19a saihesteko sor daitezkeen txertoen eraginkortasunean eragin dezake.

Danimarkako agintariek herrialdeko 1.139 etxaldeei agindu zieten bisoi guztiak sakrifikatzeko. Hainbat komunikabideren arabera, ordea, gobernuak ez du beharrezko lege babesik agindu generiko bat argitaratzeko; izan ere, kutsatzeak atzeman dituzten etxaldeei soilik eman ahal die agindu hori; 7,8 kilometrokoak edo handiagoak direnei ere ezin die halakorik agindu. Mogens Jensen Elikadura Ministroak barkamena eskatu du gaur, izan duten «akatsagatik».

Ministerioak gaur gutun bat igorri die bisoien hazleei, argituz baldintza horiek betetzen dituzten etxaldeetan sakrifizioak egitea gomendatzen dietela, baina ezin dietela hala egiteko agindu. Frederiksen lehen ministroak honela azaldu du: «Bisoien hazleekin gertatu denagatik barkamena eskatu nahi dut. Nahasmen handia eragin dugu gaur. Dena den, osasun arazo bat da, eta bisoiek sakrifikatuak izan behar dute». 

2,4 milioi bisoi, sakrifikatuta

Kopenhageko gobernuak gaur larrialdietako lege proposamen bat aurkeztu du, baina ez dute onartu, ez duelako parlamentuaren hiru laurdenen babesa eskuratu. Ondorioz, aste batzuk itxaron beharko dute legea onartzeko. Aurretik, datorren astelehenerako bisoi guztiak hilak izateko asmoa zuen gobernuak, eta, datu ofizialen arabera, 2,4 milioi hilak zituzten jada. Oposizioko talde batzuek Elikadura Ministroaren dimisioa eskatu dute.

Bisoi hazleen erakundeak, berriz, adierazi du gaur gertatutako nahasteak ez duela asko aldatzen egoera: «Agintarien erabakia sendoa eta behin betikoa da. Sektore osoa amaitzea ikaragarria da, baina ez dago atzera-bueltarik, eta gure erakundeko zuzendaritza ados dago: ezin dugu sektore handi eta indartsu bat izaten jarraitu». Iaz, 658 milioiren esportazioak egin zituen sektoreak Danimarkan, eta 6.000 pertsonari ematen die lana.

Mustelidoak, birusaren gordailu

Bisoi amerikarraren inguruko alarma orain piztu da, baina arazoa ez da berria komunitate zientifikoarentzat: aspaldi dakite mustelidoak birusaren gordailu izan daitezkeela eta gizakietara jauzi egin dezaketela. «Guretzat ez da sorpresa izan», azaldu zion Joxerra Aihartza zoologo eta EHUko irakasleak BERRIAri. Azaldu zuen aspalditik dakitela hainbat mustelido —tartean, bisoia— SARS-CoV-2 birusarekin kutsa daitezkeela eta haren gordailu izan daitezkeela.

Izurria mundu osora zabaldu aurretik, Txinako hainbat ikerlarik ohartarazi zuten koronabirusa oso erraz zabaltzen zela animalia batzuetan; tartean, katuak eta mustelidoak. Eta, azken horien artean, bereziki hudoetan zabaltzen zela samurren. «Birusak hudoan sartzeko giltza baldin badu, bisoi amerikarrean sartzeko giltza ere izango du». Argi mintzatu zen Aihartza bisoi amerikarrak birusa zabaltzeko duen arriskuari buruz: «Animalia horiek kopuru handietan egoten dira haztegietan, elkarren ondoan pilatuta, eta oso erraza da haien artean birusa kutsatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.