Golfa

Jon Rahmek mundua harritu du kolpe batez

Golflariak maisuki ospatu du bere 26. urtebetetzea, Augustan (AEB), Masterserako bidean.

Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 11
08:42
Entzun

Atzo 26 urte bete zituen Jon Rahm Barrikako (Bizkaia) gol jokalariak, eta, ospatzeaz gain, mundua harritu zuen askok inoizko golf kolperik onenetakotzat jo duten astindu batekin.

Augustako (Georgia, AEB) 2020rako Masterserako praktikatzen ari da Rahm, eta 16. zulora hurbiltzeko prestatzen ari zen. Ez zen kolpe erraza, golflariaren eta zuloaren artean urmael bat zegoelako. Aukera zuen Rahmek bola airetik bidaltzeko, jokalari gehienek egingo luketen bezala. Baina horrek zorroztasuna kenduko lioke kolpeari. Beraz, ur gainean botea egitea erabaki zuen.

Bola jo zuen Rahmek, kolpe baxua, eta borobil zuriak jauzi bat egin zuen ura jotzean. Gero beste jauzi bat, ur bazterrean umeak harri lauekin jolasten direnean bezala. Hirugarren jauzia lehorrean jo zuen bolak, antza, eta leun, parabola eder bat egin zuen belar motzean, aldapa gora hasieran, eta behera gero. Baina inor gutxik espero zuen bola zuzenean zulora hurbiltzea, eta sartzea.

Interneten bolo-bola zabaldu da bideoa, eta ikusle asko sinetsi ezinda daude. «Kiroletan ikusi dudan gauzarik txundigarrienetako bat da», esan du Tyler Greever esatariak. Beste batzuek esan dutenez, «beharbada inoiz ikusiko duzun golf kolperik onena» da.

Aurtengo uztailean historia egin zuen Rahmek. Lehen aldiz, euskal golflari bat munduko sailkapenaren gailurrean jarri zen. Rankingaren lehen postura igotzea lortzen duen bederatzigarren europarra bihurtu zen Barrikako jokalaria. PGA Tourraren Memorial txapelketa irabazi zuen, eta euskaraz adierazi zuen poza AEBetako NBC telebistan: «Gogoratzen naiz... aita, ama... Eskerrik asko. Eskerrik asko guztiei, benetan».

21 urte baino ez zituela debutatu zuen Rahmek profesional gisara. Rory McIlroy irlandarrari aurrea hartu zion munduko sailkapenean. Augustako Mastersa bihartik igandera jokatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.