Euskaraldia

Euskarak zein funtzio ditu industria eleanitzean?

11 hizkuntza hitz egiten dira Fagor Taldean eta euskarak komunikaziorako funtzio zehatzak ditu.

Fagor taldeak Euskaraldiarekin bat egiten du. FAGOR
2020ko azaroaren 13a
09:04
Entzun

Lanaren bitartez onura ekonomikoa eta soziala sortzen aintzindaria izan da Fagor Taldea. Industria alorreko Euskal Herriko kooperatiba talde handienean euskarak egin duen bidea horren erakusle da. Ulermena lantzeko langileei eskaintzen zitzaizkien euskara eskolak ziren duela 20 urte protagonista. Euskaraz funtzionatzen duten guneak berariaz babestu eta zabaltzea eta euskarak egin duen ibilbidea alor sozialeko beste lanketekin bateragarri eta baliagarri izatea dira, berriz, oraingo lanketa nagusiak.

Hezkuntza alorrak talentu eleanitzak sortzeko egin duen apustuak garapen naturala du, egun,  Fagor Taldeko kooperatibetan. Izan ere, bileraren nondik norakoaren arabera, ingelesez, alemanez, gaztelaniaz edo euskaraz egingo delako. Landu beharreko edukiak eta, batik bat, azken hartzaileak markatuko du hizkuntzaren erabilera. Bertan landuko den edukiaren eta dokumentuaren azken hartzailea estatubatuarra bada, ingelesa izango da sortze hizkuntza, bezero orientazioa tarteko, bezeroak geroz eta parte hartze handiagoa duelako prozesu horretan guztian. Aldiz, arduradunen jarraipen bilera bada, bilera euskaraz izatea bultzatuko da.

Euskarari komunikaziorako funtzio zehatzak aitortu zaizkio horretarako. Taldea eta kooperatiben arteko nahiz kooperatiba eta bazkideen arteko komunikaziorako hizkuntza nagusia, esaterako, euskara da. Horrenbestez, Taldeko langileen %65ek, adibidez, euskara hutsean jasotzen ditu bere kooperatibako jakinarazpenak. Euskaraz egiten dira, halaber, Talde mailako nahiz kooperatibaz kooperatibako bilera asko eta asko.

Leire Okarantza Fagor Taldeko gestio sozialeko arduradunak argi du: «Aniztasunaren kudeaketaren baitan hizkuntzen kudeaketa profesionala egitea dagokigu eta lanketa horretan tokiko hizkuntzak eta hizkuntza nagusituen funtzio komunikatiboak zehaztu egin behar dira». Bere esanetan, lanpostuen ezaugarrien araberako profilak bultzatu eta bilatzen dira. Baita hizkuntzei dagokionez ere. «Lanpostu bakoitzak dituen funtzio komunikatiboen arabera, hizkuntza eskakizun zehatzak ditu ingelesari, alemanari, gaztelaniari edo euskarari dagokionez».

Iraunkortasun ekonomikoa, ingurumen  eta soziala, tartean euskararena, ditu helburu Fagor Taldeak eta berariazko lanketa egiten ari da alor horietan, besteak beste, Nazio Batuen Erakundeak garapen jasangarrirako onartutako 2030eko agendako helburuak aintzat hartuta. Esaterako, Debagoiena 2030 egitasmoko eragile aktiboa da. Leire Okarantzak oso argi du: «Iraunkortasunaren kudeaketa helburu, hainbat lanketa egiten ari gara Fagor Taldean eta euskarak urte hauetan guztietan egin duen bidea oso lagungarri zaigu lanketa horien norabidea zehazteko. Halaber, lanketa horietako komunikaziorako hizkuntza nagusia euskara izan behar dela ere argi dugu, lan talde ezberdinek elkarri begiratuz eta elkarrengan eraginez lan esparru guztiak eraginkorrago izatea lortuko dugulako».

Bide horretan, azaroak 20 eta abenduak 4 artean egingo den Euskaraldia ariketa ere lagungarri izango dela aitortu du: «Euskaraldiko ariketak jada jatorri ezberdinetako lankideen arteko elkarlana indartu du. Halaber, une berezi eta gogor hauetan ezinbestekoa den industria alorraren, alor sozialaren eta instituzionalaren arteko elkarlana sustatu du eta, gainera, euskal hiztunen aktibazioa bultzatuko du. Gu oso aktiboki ari gara lanean».  

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.fagor.eus

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.