Euskaraldia

Euskarari eman dion bulkada

Azken lau ikasturteotan, EHUk hainbat egitasmo jarri ditu martxan euskara indartzeko, eta emaitzak lortzen ari da.

EHUko hainbat ikaslek sortutako arigunebat. EHU
2020ko azaroaren 14a
15:04
Entzun

Plan gidariak jarraibideak erakusteko sortu ohi dira. Euskal Herriko Unibertsitateak euskararen norabidea zehaztu duen Euskararen III. Plan Gidaria (2018/2022) diseinatu eta onartu zuen 2018ko abenduan, Nekane Balluerka 2017an errektore izendatu eta gero. Hamaika egitasmo sortu eta garatu ditu geroztik, helburu argi batekin: euskararen alde lan egitea.

Balluerka buru izan duen errektoretza taldearen xede nagusietako bat unibertsitateko eremu guztietan euskararen erabilera eta presentzia handitzea izan da. Horretarako, euskara hainbat eremutan zein egoeratan dagoen aztertu dute, eta erabilera handitzeko estrategiak landu. Estrategia horien artean dago Aktibatu izeneko programa: 2017-2018 ikasturtean abiatu zuten, eta 1.500 lagunek baino gehiagok parte hartu dute. Jon Zarate Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak azaldu duenez, «hizkuntza ohituren aldaketarako estrategiak garatuz, euskararekiko erantzukizunaren eta jokabideen hausnarketa bultzatuz eta taldean batera lan eginez, euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea da helburua. Euskararen erabilera sustatzeko deialdia deritzoguna sortu genuen, eta EHUko edozein kolektibok hartu dezake parte».

Bigarren Euskaraldia dela eta, beste pauso bat eman dute: AktiBATU izeneko komunitate birtuala sortu dute, arigune edo talde izaera duen komunitate bat. Informazio ugari partekatzen dute: baliabideak, albisteak, prestakuntza saioak… 600 parte hartzaile baino gehiago ditu dagoeneko. Zaratek esan duenez, «helburua da olatu hau ez gelditzea, eta komunitate horrek Euskaraldiaren ostean ere martxan jarraitzea».

Erabileraren datu zehatzak ere lortu nahi izan dituzte. Batetik, herri administrazio gisa, administrazio eta zerbitzuetako langileek lan eremuan euskara zenbat erabiltzen duten neurtu dute, eta ikerketa horren ondorio nagusiak aztertzen ari dira. Ikerketako 1.774 langileen hiru laurdenak bere lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatu dute, plantillaren euskalduntzean EHUk egin duen esfortzuaren adierazgarri. Zaratek adierazi du ahozkoan dutela erronkarik handiena: «Lan harremanetan, batez ere bileretan, gaztelaniak pisu handiagoa dauka. Oraindik euskararen erabilera handitzeko tarte handia dago». Hala ere, EHU zerbitzua euskaraz ematen duen erakundea da, eta lan eremuan euskarak daraman bilakaerarekin positibo ageri dira langile gehienak.

Bestetik, ikasleengan ere jarri dute fokua. Eremu ez-formaletan euskara zenbat erabiltzen duten jakin nahi izan dute, Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean. Probintzia batetik bestera aldea dagoela azaldu du Zaratek, eta prozesuaren onurak nabarmendu ditu: «Gure ikasleak dira behatzaileak. Klusterreko adituak etortzen dira, eta neurketak egiteko prestatzen dituzte». formazioa

EHUk eskainitako gradu ia guztiak bere osotasunean euskaraz egin daitezke. Halaber, euskarazko eskaintzetan zeuden hutsuneei irtenbide bat ematen aritu dira. Medikuntzako graduko ospitaletako bigarren zikloan egin dute ahaleginik handiena: Gurutzetako, Basurtuko eta Donostiako unibertsitate-ospitaleetan euskaraz eskaintzen diren kredituen ehunekoa 20 puntu igotzea lortu dute, eta medikuntzako gradua ikasteko hizkuntzaren araberako deialdi bananduari esker, urtero 20-25 ikasle gehiago sartzen dira euskarazko lerroan: lehen, 110 ikasle sartzen ziren gutxi gorabehera euskarazko adarrean; orain, berriz, 140. Horrez gain, Galdakao-Usansolo Ospitalea atxiki dute EHUra, gradua osorik euskaraz ikasteko aukera bermatzeko. Era berean, azpimarragarria da Iparraldeko lizeoetatik unibertsitate ikasketak euskaraz egitera etorri nahi duten ikasleekin Balluerkaren taldeak egindako lana.

Graduondokoei dagokienez, UEU zentroa atxiki bihurtu dute; horri esker, euskaraz eta online Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterra eskaintzen dute. Gainera, graduondoko euskarazko berezko tituluak hirukoiztu egin dituzte, eta 2020-2021 ikasturtean, Euskara Institutuaren gidaritzapean, euskara hutsean egin ahal den lehenengo berezko masterra eskaintzen ari da: Euskararen Jabekuntza, Kudeaketa eta Hizkuntza-praktikak XXI. mendean. Euskarazko irakaskuntzaren goreneko maila lortzeko, irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza prestakuntzarako plan berritzaile eta integral bat jarri dute abian. 2019-2020 ikasturtean, 250 irakasle-ikertzailetik gora aritu dira planeko hainbat programatan.

Hizkuntza corpusean ere aurrerapenak egin dituzte, eta lau ikasturte hauetan, testuliburu, bilduma, monografia eta aldizkari zientifikoak zenbatuz, ia 300 zenbaki eta 60 bat ikasmaterial argitaratu dituzte euskaraz.

Ikerketa eta dibulgazioa

Ikerketei dagokienez, tesietan jarri dute indarrik handiena. Euskarazko tesiek izugarrizko gorakada izan dute azken bi-hiru urteotan (%8tik %15era), eta erdiak baino gehiago nazioartekoak izan dira. Gainera, Zaratek azaldu duenez, erabaki estrategikoa izan da EHU Soziolinguistika Klusterreko Zuzendaritza Batzordean sartzea. Doktore euskaldunen datu-base bat ere abiatu dute, eta dagoeneko 700 doktorek inguruk eman dute izena —%50 emakumezkoak—.

Euskalgintza eta euskal kultura oinarri dituen komunitatea saretzeko, arloan erreferente diren Euskal Herriko 40 bat gizarte eta kultur eragile edo enpresarekin gauzatu dute elkarlana. «Elkarlan honetatik elikatuko dira EHUko ikasleak etorkizunean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.