Irribarria 13-22 Dario

Dariok ezustea eman du

13-22 hartu du mendean Iker Irribarria egungo txapelduna, Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetan, sakean eta defentsako lanean bikain arituta. Final-erdietan Altuna III.aren edo Ezkurdiaren kontra jokatu beharko du.

2020ko azaroaren 14a
08:31
Entzun

Final-laurdenetako lehen partida, eta aurreneko ezustea. Dario Gomezek kanporatu egin du Buruz Buruzko Txapelketatik Iker Irribarria egungo txapelduna. Irungo (Gipuzkoa) Urantzu pilotalekuan izan da. Errioxarrak zortzi tanto egin ditu sakez, eta defentsako lanean bikain aritu da. Horretan oinarritu du garaipena. Irribarriak, berriz, garesti ordaindu ditu egindako akatsak: bederatzi. 45 minutu pasatxo iraun ditu neurketak, eta 234 pilotakada izan ditu.

Egungo Buruz Buruko txapelduna eta Bigarren Mailakoa zeuden aurrez aurre. Bi pilotari jotzaile. Dariok Peio Etxeberria eta Iraitz Zubizarreta utzi zituen bidean aurreko kanporaketetan; Irribarriarentzat, berriz, lehen neurketa zen. Halakoetan ohikoak dira urduritasunak. Baina Aramakoak ondo ekin dio partidari. 2-0 aurreratu da. Baina orduan galdu ditu neurketako lehen bi pilotak. Bosnako berdinketaraino parekatua joan da norgehiagoka. Baina hor 7-0eko partziala lortu du Dariok, eta zuloa egin du partidan. 12-7 aurreratu da. Zazpi tanto horietatik hiru sakez izan dira. Irribarria airetik erantzuten ahalegindu da bosgarren koadro ingurutik. Baina alferrik izan da.

12-9 hurbildu da gero Irribarria. Defentsan ondo ari zen, baina Irribarria ordu arteko tantorik onenak jokatzen ari zen. Atsedena eskatu du orduan Dariok. Horrek, arnas apur bat hartu, eta Irribarriaren momentu ona hausteko balio izan dio. Izan ere, segidan lau tanto egin ditu garaileak. Bi izan dira sakez, eta beste biak Armakoaren huts egiteei esker. 16-9koarekin partida ondo bideratua zuen. Orduan arriskatzen hasi da Irribarria, eta tanto batzuk egin ditu aurren. Baina Dariok ondo eutsi dio, defentsako lan oso on bati esker. Ez hori bakarrik, ausart ere jokatu du, eta hainbat tanto eder egin ditu aurreko koadroetan, batez ere ormabikoen bidez. Hala, garaipena lortu du. Datorren asteburuan Altuna III.a-Ezkurdia partidako irabazlea izango du aurrean finalerdietan. Partida hori bihar jokatuko da, Eibarko Astelenan (Gipuzkoa), baita ere Elezkano II.aren eta Agirreren artekoa. Gaur, berriz, Urrutikoetxea eta Jaka ariko dira nor baino nor gehiago Bilbon, finalerdietara sailkatzeko lehian (17:30, ETB1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.