EUSKAL PRESOAK

Sare herriz herri mobilizatuko da urtarrilaren 9an

17:30ean izango dira mobilizazioak, «osasun segurtasunerako neurri guztiak errespetatuta» eta «leku zabaletan».

Sareren agerraldia Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2020ko azaroaren 14a
12:29
Entzun

Dozenaka milaka pertsona elkartu ohi dira urtero urtarrilean euskal presoen eskubideen alde egin ohi den manifestazioetan, baina, aurten, COVID-19aren izurriaren eraginez, Sare Herritarra plataformak beste mobilizazio eredu bat landuko du. Jakinarazia zuen urtarrilaren 9an herritarrak kalera aterako zirela, eta gaur iragarri du herriz herri egingo dituztela protestak, 17:30ean, «osasun segurtasunerako neurri guztiak errespetatuta» eta «leku zabaletan». Lelo bera baliatuko dute guztietan: Bidean gara.

Bilbon eginiko agerraldi batean eman dituzte urtarrilaren 9ko deialdiari buruzko xehetasun batzuk, irakurketa politikoa egiteaz gain. Batetik, kezka azaldu dute izurriaren eraginez presoei bisitak murrizten ari zaizkielako, eta babesa adierazi diete senideei:

«Egoera hori are txarragoa da euskal presoei aplikatzen zaien urruntze politikaren ondorioz, dagoeneko existitzen ez den erakunde bateko kide izandako presoak diren arren». Gogoan izan dituzte gurasoak espetxean dituzten haurrak ere: «Sei hilabete baino gehiago bete dituzte ama, aita edo biak besarkatzeko aukerarik gabe, gurasoak preso dituztelako».

Joseba Azkarragak eta Bego Atxak aitortu dute «aldaketa batzuk» egin dituztela eta, esterako, espetxe batzuetan isolamendutik atera dituztela presoak. Beste kartzela batzuetan ere gauza bera egin dezaten lanean ari da Sare, azaldu dutenez. Gaixotasun larriak edo sendaezinak dauzkaten presoei dagokienez, esan dute «urrats batzuk» egin direla preso batzuei tratamendua «modu duinagoan» jasotzeko aukera emanda, «baina, oraindik ere, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean daude, aspaldi etxean egon behar zutenean. Eta aldarrikapen horri eutsiko diogu».

Azken asteetan izandako hurbiltzeei dagokienez, berriz, gogorarazi dute presoen %80 Andaluziako, Valentzia inguruko edo Galiziako espetxeetan daudela: «Bide luzea dugu egiteko, eta gu ez gaude prest normala ez dena normalizatzeko. Espetxe politika euskal preso guztiak Euskal Herrian daudenean normalizatuko da. Bitartean, urratsak dira. Urrats txikiak». Erantsi dute «konponbide justu bakarra» dagoela: «Presoei aplikatzen zaien salbuespeneko araubideari amaiera ematea eta estatuko kartzeletan gainerako presoei aplikatzen zaizkien lege arruntak aplikatzea». Gradu progresioari ere erreparatu diote, nabarmenduta kasu bakarrean aplikatu dela eta presoen %80k lehen graduan segitzen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.