Pilota

Urrutikoetxea ere kalera

22-13 irabazi du Jakak, eta Lizartzakoak finalerdiak jokatuko ditu datorren asteburuan. Sakean eta pilotari emandako abiaduran oinarritu du garaipena.

ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 14a
22:56
Entzun

Ezohiko Buruz Burukoa izango zela behin eta berriz aipatu zen aurkezpenean. Bada, horri ezustekoz betetakoa dela ere gehitu daiteke. Bai, behintzat, jokatzen ari diren final-laurdenetako kanporaketa hauetan. Herenegun Iker Irribarria txapelduna geratu zen kanpoan, Darioren kontra 22-13 galdu ostean. Atzo, emaitza berdinarekin galdu zuen txapeldunordeak, Urrutikoetxeak, Jakaren kontra. Faborito argi zirenek galdu egin dute. Tentuz ibili beharko dute gaur, Elezkano II.ak eta Ezkurdiak.

Partida ez da garaileak bnahi bezala, hala ere. Urrutikoetxeak ondo ekin baitzion lehiari, tantoak luzatuz eta ondo landuz, fresko, presarik gabe. Komeni zitzaion hala jokatzea. Gogor joan ziren lehen tanto horiek. 6-2 aurreratuda Baikokoa. Baina jokoan sartzen hasi da Jaka, eta tantoz tanto partidaren norabidea aldatu da.

Bere pilotakadei abiadura gehiago ematen hasi da, eta ohikoa duen bizitasuna emanez jokoari. Jakitun zen hori komeni zitzaiola partida irabaztea nahi bazuen. Ondo sakatu, eta erasokor aritu  zen, azkar tantoa bilatuz, boleaz zein zabalera pilota botaz. Hainbat tanto ikusgarri egin ditu, eta 9-2ko partzial batekin 11-8 jarri da aurretik.

Hortik aurrera nagusi izan da, eta Urrutikoetxea berriro ere tantoak luzatzen ahalegindu arren, ez du lortu. Horrek zalantzak eragin dizkio, eta burumakur ikusi zaio, eta fisikoki ere behera egin du apur bat. Jakak hori baliatu du garaipena lortzeko. Elezkano edo Agirre izango du aurkari finalerdietan datorren asteburuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.