Komunikazioa

Inazio Arregi jesuita eta kazetaria hil da

Loiolako Herri Irratiaren eta Eusko Irratiaren sortzaileetako bat eta zuzendaria izan zen. 89 urterekin hil da, gaixotasun luze baten ondorioz.

Inazio Arregi, 2011n. JUANAN RUIZ / FOKU
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 17a
12:44
Entzun

Inazio Arregi jesuita eta kazetaria aitzindaria izan zen euskarazko kazetaritzan eta irratigintzan: Loiolako Herri Irratiaren eta Eusko Irratiaren sortzaileetako bat eta zuzendaria izan zen, besteak beste. Vatikano Irratiko nazioarteko albistegietako zuzendaria ere izan zen.

1931. urtean jaio zen Arregi, Oñatin (Gipuzkoa), eta 17 urterekin Jesusen Konpainian sartu zen. Loiolan eman zuen bere lehendabiziko meza. Teologian eta filosofian lizentziatua zen, eta Italiako Bergamo hirian egin zituen komunikazio eta irratigintza ikasketak. Euskal Herrira bueltatuta, Loiolako Herri Irratia jarri zuen abian santutegiko egoitzan, Juan Lekuonarekin batera; esatari lanetan hasi zen, eta zuzendari ere izan zen.

Handik Eusko Irratira egin zuen jauzia, 1982an; izan ere, euskarazko irrati publikoa izango zena martxan jartzeko arduradun nagusietako bat izan zen. Eusko Irratiko zuzendaria izan zen, irrati publikoa martxan jarri eta 1985era arte.

1986an, Vatikanora joan zen, hango Vatikano Irratira, eta nazioarteko albistegietako buru izan zen, erretiroa hartu zuen arte. Espainiako TVErekin lankidetzan aritu zen urte askoan, bereziki Vatikanotik zuzenean ematen zituzten mezei ahotsa jartzen, eta Euskadi Irratirako berriemaile gisa ere jardun zuen Erroman. Hogei urtez aritu zen Vatikanoko irratian lanean.

Besteak beste, Rikardo Arregi eta Ondas sariak jaso zituen, bere ibilbideagatik.

2010ean, Eta orain, zer? Gure urte haiek (1931-2009) autobiografia (Alberdania) idatzi zuen. Bere bizitzako hiru esparru "bereizi ezinak" uztartu zituen autobiografian: apaiz jesuitaren bizipenak, euskaldun izatea, eta irratian egindako lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.