Euskaraldia

Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubiderantz: Euskaraldia

ELAren arabera, Euskaraldiak euskara eztabaidagai bihurtzen du, euskaldunak boteretu ditzake, eta ohiturak aldatzeko balio dezake.

Pello Igeregi, Lorea Agirre eta Kike Amonarriz, ELAren Bilboko egoitzan izandako mahai inguruan. ELA
2020ko azaroaren 19a
09:35
Entzun

Ilusiorako eta pozerako momentua

Aurtengo Euskaraldiak testuinguru zailean hartu du ELA sindikatua, munduko pandemia eta krisi ekonomiko sakon batean buru-belarri. Salbuespen egoera honetan, euskara eta euskaldunen hizkuntza eskubideak are bazterrerago geratu direla uste du; halere, dio Euskaraldiaren etorrera poztekoa dela, eta harekin batera euskara erdigunera ekartzeko ilusioa.

ELAren ustez, Euskaraldiak hiru aukera zabaltzen ditu:

- Bestela ezkutuan legokeen euskararen gaia eztabaidagai bihurtzen du.

- Euskaldunak hizkuntza eskubideen alde boteretu ditzakeen ariketa bat da.

- Helbururik behinena: hizkuntza ohiturak aldatzeko testuinguru eroso bat da, sarri oso zaila izaten den hizkuntza hautuaren negoziazioa egiteko.

Pozarekin batera, badute pena ere: testuinguruak baldintzatuta, ariketa horrek harekin zekarren potentzial guztia garatu ez izanaren pena; bereziki enpresetan jarrera aktiboagoa izan nahi zuten, eta, zoritxarrez, ezin izan dute espero zuten guztia egin.

Euskaraldiaren dinamika gainditzeko beharra

Euskaraldiak baditu arriskuak ere. Batek kezkatzen ditu bereziki ELAko kideak: Euskaraldiaren muinean, norbanakoen arteko hizkuntza ohituren negoziazioa dago, eta susmoa dute hainbat gobernu eta instituziok hizkuntza politikak horretara mugatu nahi dituztela.

ELAren ustez, euskaldunek euskaraz bizitzeko eskubidea bermatua izango dute soilik euskaraz bizitzea beste edozein eskubide zibilen pare kokatzean, eta, ondorioz, gizartean euskaraz bizitzeko dauden oztopo guztiak gainditzeko erabaki politikoa hartzean. Sindikatuaren arabera, horrek irakurketa estruktural bat eskatzen du: bizitzan eragina duten politika guztietan, zeharka, euskaldunen hizkuntza eskubideak txertatu behar ditu.

Sindikatuaren arabera, hori deserosoa da gobernuentzat, hezkuntza politika, komunikabideekiko politika, industria politika edo aisialdirako politika zalantzan jartzea baitakar, eta horrekin batera exijentzia maila izugarri handitzen baitu: «Bada garaia hizkuntza politika lehendakariordetza batean kokatzekoa, erabaki politiko guztietan zeharka hizkuntza eskubideak bermatzeko egitekoarekin».

Euskarak ez du etorkizunik logika neoliberalean

ELAren ustez, logika neoliberala bateraezina da euskararen etorkizunarekin: «Batetik, eskubide zibilak ulertzeko molde indibidualistak dakar euskaldunok gure hizkuntza eskubideak zapalduak izango direla onartu behar izatea, kultura neoliberalak ahaztu egiten baitu askatasun indibidualak soilik gizarteko beste kideekin harremanetan gara daitezkeela; horrek denontzako eskubide eta obligazioak dakartza, eskubideak garatzeko behar besteko baliabideekin batera, bestela erdaren egoera pribilegiatu eta hegemonikoa ontzat ematea beste aukerarik ez dugu izango; bestetik, euskara ez da sekula hizkuntza errentagarria izango ikuspuntu ekonomikotik, ez dugu horretarako tamainarik. Ondorioz, hizkuntzen arteko desorekak gainditzeko politika publiko potente eta ausartak ez badaude, ezinezkoa izango da euskarak egun erdarak okupatzen dituen espazioetan sarbidea izatea, bere borondatez Disneyk inoiz ez baitu marrazki bizidunak euskarara bikoizteko erabakirik hartuko».

Euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatzeko, sindikatua ezinbestez

ELAn badute zer hobetua hizkuntza eskubideak lantokietan defendatzerakoan, baina horretarako konpromiso irmoa dute. Konpromiso hori dute euskaldunen hizkuntza eskubideak beste eskubide zibilen pare kokatzen dituztelako, uste dutelako euskararen garapenak euskal gizartearen kohesioan sakontzea dakarrela, eta hori baldintza prepolitiko bat dela ondoren gizarte justuago baten alde ekiteko. Azkenik, argi dutelako herrien homogeneizazioa dakarren kultura neoliberalarekin amaitzeko euskara baino balio kontrakultural gutxi direla, eta horrek hizkuntza eskubideen defentsa beste hainbat eskubideren aldeko borrokekin konekta dezakeela. «Joxe Mari Agirretxe handiak dioen bezala, euskaldunak korrontearen kontra doazen izokinak dira, eta korrontearen kontra beste hainbat izokinekin bidea egin dezake, pobreziaren kontra, xenofobiaren kontra edo matxismoaren kontra, besteak beste».

Haien erantzukizunari behar bezala heltzeko, Kontseilua eta LABekin batera eskakizun bat egin berri dute: 50 langiletik gorako enpresetan, euskara planak negoziatzeko obligazioa sortzeko patronalekin batera. «Honek ez du berez ezer konponduko, baina euskararen gaia lan munduan ere eztabaidagai bihurtuko luke, eta egun euskararen normalizaziorako neurriak enpresen %1ean ere ematen ez direla kontuan izanik bada zerbait. Patronalen, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku dago inflexio puntu izan daitekeen urrats txiki hau egitea. Euskaraldirako hau da gure konpromisoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.